Egia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Artikulu hau kontzeptu filosofikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Egia (argipena)».
Denborak Egia salbatzen du Faltsukeri eta Jeloskortasunatik, François Lemoyne, 1737.

Egia baieztapena eta gertakaria bat etortzea da, edo baieztapena eta horrek islatzen duen errealitatea, edo dagokion ideia. Terminoa zentzu tekniko batean erabiltzen da zientzia, logika, matematika eta filosofia bezalako eremuetan. [1]

Horrez gain, egia hitzaren erabilerak zintzotasuna, fede ona eta giza egiazaletasuna ere barne hartzen ditu, orokorrean.

Ideia filosofiko lausoa izaki, ez dugu pentsalari edo adituen artean erabateko adostasuna lortzen duen definiziorik topatuko. Egiaren inguruko teoria desberdinen arteko eztabaidak bizirik dirau, eta, besteak beste, posizio desberdinak daude ondorengo auzien inguruan:

Artikulu honen helburua kontzeptuaren gaineko interpretazio eta ikuspuntu nagusiak azaltzea da. Egiari buruzko galdera eztabaida iturri izan da mendeetan zehar, teologo, filosofo eta logikarien artean. Gaur egun hainbat ikerketa zientifikotarako gaia da eta baita oinarritze filosofikorako ere. Besteak beste:

  • Hizkuntzalaritzari interesatzen zaio, hizkuntza egia adierazteko bide den heinean.
  • Filosofia antropologikoari interesatzen zaio, gizakiak gezurra edo faltsutasuna baino egia nahiago duelako ideia aintzat hartuta.
  • Historiari interesatzen zaio, egiaren kontzeptua eta harekiko estimu edo kondena ez baitira berdinak izan historian zehar eta kultura desberdinen artean.
  • Zientziari interesatzen zaio, orokorrean, ezagutza bera egian eta ebidentzietan oinarritzen den heinean. [2][3][4]

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Egia" hitzaren esanahia eta jatorria argitzeko, komeni da gure kulturan eragin handia izan duten hiru hizkuntzetan duen esanahia gogoratzea.

Grezieraz "aletheia" terminoa erabiltzen da (ezkutuan ez dagoena), eta deskubritzea, argitara ateratzea da bere esanahia..

Latinez, "veritas" terminoak adierazpenen zehaztasuna edo zorroztasuna adierazten du, esaten dena esaten duenarekin lotuz. Gezurraren edo iruzurraren aurkakoa litzateke.

Eta, azkenik, hebreeraz, "emunah" terminoak egia adierazten du, konfiantza edo fideltasun moduan ulertuta. Egiazko laguna; espero duzun hori beteko denaren segurtasuna; zerbait sendoa, egonkorra.  

Hiru zentzu ezberdin horiek osatzen dute “egia” terminoaren oinarria.

Egia motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Platon eta Aristoteles, Raffaello Sanzioren eskutik (Atenasko eskola, 1509) egiaren bilaketara bideratutako bi filosofia mota handien ordezkari gisa.

Subjektiboa eta objektiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egia subjektiboak modurik intimo eta gertukoenean ezagutzen ditugun horiek dira, egiaren edukia subjektuak berak ezagutzen eta adierazten duen horretan oinarritzen delako. Esperientzia propioaren egiak dira. Subjektibismoa egia guztiak subjektiboak direla dioen teoria da; ezagutzen duen subjektuaren araberakoak, alegia.

Aitzitik, egia objektiboek gure sinesmen subjektiboetatik eta gustuetatik independenteak izan nahi dute, eta horien oinarria subjektu indibidualak ezagutzen duen egitatetik independentea. Horixe da egia zientifikoaren nahia.

Ikuspuntu desberdinak edo ezagutzeko modu desberdinak daudela edo egon daitezkeela onartzen denean, subjektibismoaz baino perspektibismoaz hitz egin beharko genuke.

Erlatiboa eta absolutua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egia erlatiboak arau, konbentzio edo ikuspuntu bati lotuta soilik egia diren ideia edo proposizioak dira. Normalean, konbentzio edo arau horiek kulturaren beraren printzipioak izaten dira. Edonork onartuko luke ideia batzuen egiazkotasuna edo faltsutasuna erlatiboa dela: sardexka koilararen ezkerraldean dagoela esaten bada, hori norberak ikusten duenaren araberakoa izango da. Hala ere, erlatibismoa egia guztiak mota honetakoak direla dioen teoria da; eta, beraz, egia oro kulturaren beraren araberakoa izango dela.

Erlatibismo morala, adibidez, iritzi moral eta etiko guztiei balio, zilegitasun, garrantzi eta pisu bera ematen dien korronte filosofikoa da, nor, nola, noiz eta non adierazten diren kontuan hartu gabe; beraz, iritzi moral edo etiko guztiak, pertsonatik pertsonara alda daitezkeenak, baliozkoak dira eta ez da bat beste bat baino hobea.

Egia erlatiboei kontrajarrita, egia absolutuak edo objektiboak ditugu. Azken horiek kultura eta garai guztietarako egiazkoak izango liratekeen ideiak edo proposamenak dira. Ideia horiek unibertsoaren naturarekin, giza naturarekin, jainkoarekin... edo funtsezko esentziaren batekin erlazionatzen dira maiz.

Absolutismo morala, arau eta printzipio moralak erabat egiazkoak edo faltsuak direla dioen ikuspegia da; kultura guztientzat erabat egiazkoak edo faltsuak, garai eta egoera guztietan, giza usteekiko independente.

Ontologikoa eta epistemologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Errealitate baten predikatua: egia ontologikoa.
  • Ezagutza, sinesmen, proposizio edo enuntziatu baten predikatua: egia epistemologikoa.

Egia aintzakotzat hartzeko bi modu hauek ez dira beti argi agertzen hitzaren erabilera arruntean.

Lehenengo kasuan, egiazko errealitateari erreferentzia egiteko erabiltzen da hitza, errealitate irreal, engainagarri, hutsal edo itxurazkoari kontrajarrita (erreala ematen duelako, baina benetan hala izan gabe).

Bigarren kasuan, hitza ezagutzari (sinesmen, proposizio edo enuntziatuen edukiari) erreferentzia egiteko erabiltzen da. Ezagutza hori benetakoa edo faltsua izan daiteke, adierazi nahi duen errealitatearekin bat egiten duen edo ez, horren arabera.

René Descartes, lehenengo arrazionalista moderno bezala hartua da eta hori dela-eta filosofia modernoaren aita bezala izendatua.

Eszeptikoek, adibidez, baztertu egiten dute modu ontologikoan egia ezagutzeko posibilitatea bera, giza ezagutzarentzat errealitatearen ezagutza ezinezkoa dela iritzita. Platon dugu egia ontologikoaren defendatzaile nagusienetako bat.

Arrazionalista eta idealistek, Descartes, Spinoza, Leibniz, Hegel, eta Russell edo Wittgensteinek, euren pentsamenduaren une jakin batean honela pentsatu zuten: egia guztiek, azken finean, Jainkoarentzako arrazoiaren egiak izan behar dute, non euren izaera absolutua lortzen duten. Jainkoa izaki transzendente moduan uler dezakegu, edo naturarekin, izpirituarekin, gizatasunarekin edo zientziarekin identifikatuta.

Enpirismoak, aldiz, ezagutza guztiak funtsean egia direla dio, esperientzian oinarrituta dauden heinean.

Egia morala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitzekin edo ekintzekin adierazten dugunaren eta egiazkoa dela sinesten dugunaren arteko komunztadura da. Bere kontrakoa ez da faltsua edo okerra, gezurra baizik. [2][3][4]

Gaur egungo egiaren teoriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esaten, pentsatzen edo sinesten denaren eta errealitatearen, denaren edo gertatzen denaren arteko adostasuntzat hartu izan da, tradizioz, egia; gogamenaren eta errealitatearen edo enuntziatuen eta gertakarien arteko elkarrekikotasun edo kointzidentzia gisa.

Horregatik diogu enuntziatu bat egiazkoa dela egitateak diren bezala deskribatzen baditu, eta faltsua dela diren bezala deskribatzen ez baditu. Beraz, egia, batez ere, diskurtso adierazlearen propietate bat da; egia dena edo faltsua dena enuntziatuei edo proposizioei dagokie, eta ez egitateei. Kontzepzio honen arabera, ondorioz, egia kontzeptu epistemologiko hutsa litzateke.

“Tigrea logelan dago” esaldia egiazkoa da baldin eta bakarrik baldin tigrea logelan badago. Bibaldintzazko horri bibaldintzazko aristotelikoa esan diezaiokegu: “Izan ere,  den-a ez dela edo ez den-a badela esatea faltsua da, eta den-a badela eta ez den-a ez dela  esatea, ordea, egiazkoa da”. (Aristoteles, Metafisika, IV. liburua). Forma orokorrean esan dezakegu: 'P' egiazkoa da baldin eta bakarrik baldin P, non 'P'-ren ordez edozein esaldi jar dezakegun.  [5]

Dena dela, egiazko enuntziatu guztiak ez dira egiazkoak egitateekin bat datozelako. "Bihar euria egingo du edo ez du egingo" esakuneak, adibidez, ez du errealitatearekin zerikusirik eta, hala ere, benetako enuntziatua da: egia logikoa da. Azken horrek onargarri egiten du egiaren koherentziaren teoria deritzona. Gaur egun zabalduen dagoen teoria korrespondentista, beraz, beste teoria batzuekin osatu beharko da, ezinbestean.

Teoria korrespondentista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiaren teoria korrespondentistak esaten du proposizio baten egiazkotasuna edo faltsutasuna munduarekin duen erlazioak soilik determinatzen duela, munduarekin bat datorren zehaztasunez deskribatzen badu. Teoria horren arabera, egia ezagutzen duen adimenaren eta benetakoaren arteko bat-etortze erlazio bat da, ezagutzaren eta errealitatearen arteko lotura.

Hala ere, gaur egun, errealitateari buruzko ezagutza metafisikorik onartzen ez denez, teoria hori enuntziatu edo adierazpen linguistiko bati buruzkoa dela esaten da, eta enuntziatu edo adierazpen hori egiazkoa izango da esaten duena dena denean.

Teoria koherentista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiaren teoria koherentistak dio proposizio bat egiazkoa dela soilik parte den sistemaren gainerako proposizioekin bat baldin badator, haiekin koherentea eta zentzuzkoa bada. "3 + 5 = 8" proposizioa egiazkoa da, matematika elementalaren arauekin koherentea den heinean.

Egia, beraz, proposizio sistemen propietate bat da teoria honen arabera, eta sistema osoarekin duen koherentziaren baitan soilik eman ahal izango zaio egiazkotasuna banakako proposizio bakoitzari.

Teoria koherentistari egin zaion kritika ezagun bat Bertrand Russellek formulatu zuena da: sinesmen bat eta bere aurkakoa gutxienez sinesmen multzo batekin koherenteak izango direnez, sinesmen kontraesankorrak egia izan daitezke teoria koherentistaren arabera. Baina biak ezin direnez aldi berean egiazkoak izan (kontraesankorrak direlako), teoria hau ez dela balizkoa ondorioztatu izan da.

Adostasunaren teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adostasunaren teoria, adostasunaren kontzeptua bere egiaren kontzeptuaren zatitzat hartzen duen egiaren edozein teoria izango litzateke. Teoria hauen arabera, egiak aldez aurretik prozedura edo akordio bat behar du, edo jarraibide batzuen aldez aurreko ezagutza. Egia, beraz, talde zehatz batek adostua izan daiteke, elkarrizketaren bidez.

Teoria pragmatikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiaren teoria pragmatikoek baieztatzen dute proposizio bat egiazkoa dela baldin eta baliagarria bada edo praktikan funtzionatzen badu. Ondorioz, "udan bero egiten du" proposizioa egiazkoa da ekintzarako baliagarria bada; hau da, egiazkoa dela uste duen edonorentzat baliagarria bada.

Beraz, teoria pragmatikoaren arabera, praktikan egiaztatzen dugunean soilik ezarri ahal izango dugu proposizio baten egiazkotasuna. Eskakizun hori ez da gertatzen teoria korrespondentistarekin, non proposizio bat egiazkoa den egitateekin bat baldin badator, egitateok egiaztatu ezin badira ere.

Beste teoria batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konstruktibismoaren arabera, egia prozesu indibidual eta sozialek eraikitzen dute.

  • Ezagutza ez da pasiboki jasotzen, ezta zentzumenen edo komunikazioaren bidez ere. Subjektu ezagutzaileak eraikitzen du aktiboki.
  • Ezagutzaren funtzioa moldagarria da, terminoaren zentzu biologikoan, doikuntzarako edo bideragarritasunerako joera duena.
  • Ezagutzak subjektuaren esperientzia-munduaren antolamenduan laguntzen du, ez errealitate ontologiko objektibo baten eraikuntzan.

Kanten fenomenoaren eta noumenoaren definiziotik abiatuta, ezagutza eraikuntza mental bat da. Esperientzia guztiak funtsean subjektiboak dira; eta pertsona baten esperientzia beste batenaren antzekoa izan daitekeela uste izateko arrazoiak aurki daitezkeen arren, ez dago jakiterik benetan esperientzia bera den ala ez. [2][3][4]

Egia eta esanahia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Egia" kontzeptua argitzea Hizkuntzaren Filosofiaren egiteko garrantzitsua izan da, "egiazkoa" entitate linguistiko batzuei aplika dakiekeen predikatutzat onartua izan den heinean. Egia aztertzean XX. mendeko Hizkuntzaren Filosofiak oinarrizko bereizketa tradizional batera jo zuen: alde batetik perpaus analitikoak genituzke, a priori egiazkotzat jo ditzakegunak, beharrezkoak; eta, bestetik, sintetikoak, a posteriori egiaztatu beharrekoak, kontingenteak. Hona hemen bi adibide:

(1) Soltero guztiak mutil ezkongabeak dira.

(2) Ekai mutil ezkongabea da.

(1) analitikoa da, (2) sintetikoa. Analitikotasuna definitzerakoan definizio kantiarra hartu izan da oinarritzat: perpaus bat analitikoa izango da baldin eta soilik baldin (bsb) subjektuak, atxiki zaion ptedikatua, jada inplikatzen badu. Horrenbestez, perpaus analitikoak egiazkoak dira nahitaez. (1) perpaus analitikoa da "soltero" hitzak "mutil" eta "ezkongabe" inplikatzen dituelako; (2) sintetikoa "Ekai" hitzak ez duelako "mutil ezkongabe" inplikatu beharrik, imajina baitezakegu Ekai ezkonduta dagoela, kontradikzioan erori gabe. [6][7]

Teoria semantikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Egiazko" predikatuari buruz interpretazio ugari egin da. Oro har, onartu egin da badirela a priori egiazkoak diren perpausak, egia logiko edota analitikoen kasuan esate baterako. Baina perpaus sintetiko bat egiatzat hartzeko kontuan izan beharreko irizpideei buruz aritzean iritzi desberdinak sortu dira. Lau izan dira joera nagusiak:

a. Egia egokitasun gisa: perpaus bat egiazkoa da bsb horren eta errealitatearen artean egokitasun bat badago. p egiazkoa izango da bsb errealitatean p-k dioena betetzen bada. Ikuspegi hori Russellek eta, oro har, joera enpiristak defendatu dute. Tarskiren egiaren kontzepzio semantikoa ikuspegi horretatik gertu aurkitzen da.

Willard Van Orman Quine estatubatuar filosofoa izan zen.

b. Egia koherentzia gisa: perpaus bat egiazkoa da horrekin harremanetan dagoen uste-sistemari koherentzia handiagoa ematen badio. Ikuspegi horri jankintza sistema holisten alde dauden autoreek eutsi diote. Quinek ikuspegi horri eutsi diola esaten da.

c. Egiarekiko ikuspegi pragmatista: perpaus bat egiazkoa da hura mantentzeak efektu "positiboak" badakartza baditu. James-ek eta, oro har, pragmatismo amerikarrak defendatu dute. Bada Quineren iritziak ikuspegi honetara gerturatzen dituenik.

d. Egia erredundantzia gisa: ikuspegi honen arabera "egiazkoa" predikatua ez da erredundantzia bat besterik. p egiazkoa dela esatea p esatea da funtsean. Fregeren ikuspegien eta Tarskiren egiaren kontzepzio semantikoaren hainbat irakurketak ikuspegi honetara gerturatu izan ditu bi autoreak. [6][7]

Alfred Tarskiren egiaren kontzepzio semantikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alfred Tarski poloniar matematikaria eta logikaria izan zen.

Alfred Tarski filosofo poloniarrak egiaren kontzepzio semantikoaren aide egin zuen, hau da, egiazkotasuna semantikari dagokiola esan zuen, adierazpen linguistikoak erreferitzen dituzten objektuekin harremanetan ezartzen dituen eremuari, alegia.

Tarski egiaren nozio aristotelikotik abiatzen da. Horren bertsio gaurkotuaren arabera, "perpaus bat egiazkoa da bsb perpaus horrek gauza-egoera existente bat designatzen badu". Badirudi horrekin Tarskik egokitasunean oinarritutako egiaren hala-holako interpretazioa defendatzen duela. Halere, Tarskik definizio aristotelikoa berrituko du (T) formako definizioak aldeztuz. Horren arabera:

(T): X egiazkoa da baldin eta soilik baldin p

Adibide honetan p perpaus edota proposizio bat litzateke, eta X haren izena. Horrela, perpaus bat egiazkoa izango da perpaus hori ematen denean. Horren arabera, badirudi Tarski egiaren ikuspegi erredundantista batera gerturatzen dela, hau da, perpaus bat egiazkoa dela esatea perpaus hori esatea dela defenditzen duen teoriara. Gainera, (T) formako definizioak perpaus baten izena eta perpaus horri dagokion "egiazko" predikatua erabiltzen ditu, eta horrek metahizkuntzaren eremuan ezartzen gaitu. Tarskiren egiaren kontzepzio semantikoak, hain zuzen, hizkuntza-objektu bat eta horri buruzko metahizkuntza inplikatzen ditu. [6][7]

Egia-ostea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agustin Arrieta Urtizberea euskal filosofo eta idazleak sakon aztertu du egia-ostearen gaia.

Hainbat fenomeno daude egia-ostearen inguruan. Gezurra, ezjakintasuna, hitzontzikeria, desinformazioa, fake newsak, populismoa, sare sozialak, propaganda, negazionismoa... Engainu masiboaren ideia sortzen duten fenomeno heterogeneoak dira.

Baina egia-ostearen ezaugarri nagusia da ez duela begirunerik egiarekin, eta gutxietsi egiten duela. Egia-ostearen muina, beraz, egiarekiko interesik eza da, eta hori arriskutsua izan daiteke. Egia-osteak egiarekiko errespetu falta batekin baitu zerikusia, gezurrarekin baino. Egia ezkutatzearen eta horri kasurik ez egitearen artean badago aldea. Bi jarreren inplikazioak ere desberdinak dira, eta egia-ostearen aroan bigarren kasua deigarria da oso. [8][9][10][11]

Joera irrazionalak eta ziurgabetasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Isuri kognitiboei dagokienez, egia-ostearen gakoetako bat zera da: egia parez pare dugunean ere, hari kasurik ez egitea. Joera horren atzean zer egon daitekeen ikertu ahala, arrazoietako bat, agian oinarrizkoena, gure irrazionaltasunari lotzen zaio: egiari ez diogu kasurik egiten, hain zuzen kosta egiten zaigulako bestela jokatzea. Ez garelako uste bezain razionalak.

Isuri mediatikoei dagokienez,  XXI. mendeko erabakiaren arkitektura modu bizkorrean aldatu da azken urteetan. Horrek informazioarekin, adituekin eta egiarekin berarekin harremanetan egoteko modua aldatu du. Badirudi gure isuriak areagotzen dituen erabakiaren arkitektura dela egungoa. Lehen aldaketa esanguratsua ‘nahierako interakzioak’ deritzenak areagotu ahala etorri da. Ikusi dugu sarritan gustuko informazioa bilatzeko joera dugula. Azken hamarkadetan informazio eskaintza eta eskaera modu nabarmenean areagotu dira. Horrela, gero eta handiagoa da gustuko duguna entzuteko aukera. [8][9][10][11]

Egiarekiko interesik eza eta hitzontzikeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irati Zubia Landak, besteak beste, Jakin aldizkariaren 239. zenbakian idatzi du egia-ostearen inguruan.

Isuri kognitibo eta mediatikoen eskutik, egia-ostera heltzeko pista batzuk lor daitezke. Uler dezakegu zergatik gelditzen diren egia batzuk bazterrean. Hala ere, kontuan izan behar dugu hori ez dela gertatzen soilik gezur eta desinformazioa dela medio.

Egia-ostearen muinean egiarekiko interesik eza, hots, axolagabetasuna dago, eta ez dirudi hori ezjakin eta gezurtiaren ezaugarri nagusitzat jo daitekeenik. Aitzitik, axolagabetasuna irudikatzeko aproposa den figura bat baldin badago, hori hitzontzia da. Hitzontzikeria nozioa Harry J. Frankfurtek (2005) ekarri zuen eztabaida filosofikoaren erdigunera. Dena den, Frankfurtek hasieratik onartu zuen ez zegoela eskura hain ohikoa zen fenomeno horren definiziorik, eta are gutxiago teoriarik. Hala ere, ahalegindu zen nozioa argitzen, eta, haren aburuz, hitzontzikeriaren ezaugarri nagusia egiarekiko interesik eza da. Hitzontziari bost axola esaten duena egiazkoa edo faltsua den. Egiarekiko eta gauzen izaerarekiko indiferentzia hori da haren ezaugarri bereizgarria.

Hain zuzen ere, egiarekiko axolagabetasun hori da hitzontziaren eta gezurtiaren arteko desberdintasun nagusia, baita hitzontziaren eta ezjakinaren artekoa ere.

Hitzontziaren beste ezaugarri bat zera da: toleranteagoak izan ohi gara hitzontziekin gezurtiekin baino. Hain zuzen, hori izan daiteke, kasu batzuetan, gezurrarena baino, hitzontzikeriaren bidea aukeratzeko arrazoietako bat. Ez da harritzekoa, beraz, testuinguru jakin batean egiari izkin egiteko, gezurraren estrategia baino, hitzontziaren aldeko hautua egiteko tentaldia. [8][9][10][11]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Merriam-Webster's Online Dictionary, truth, 2005.
  2. a b c (Gaztelaniaz) Verdad. 2021-08-10 (Noiz kontsultatua: 2021-08-11).
  3. a b c (Ingelesez) Internet Encyclopedia of Philosophy | An encyclopedia of philosophy articles written by professional philosophers.. (Noiz kontsultatua: 2021-08-11).
  4. a b c «Table of Contents (Stanford Encyclopedia of Philosophy)» plato.stanford.edu (Noiz kontsultatua: 2021-08-11).
  5. 1962-, Arrieta Urtizberea, Agustin,. (2002). Zertaz dihardu filosofiak?. Jakin ISBN 84-95234-16-5. PMC 433009194. (Noiz kontsultatua: 2021-08-07).
  6. a b c Filosofiako gida : filosofian aritzeko oinarriak : gida bibliografiko eta metodologikoa. Udako Euskal Unibertsitatea 2004 ISBN 84-8438-048-3. PMC 433388431. (Noiz kontsultatua: 2021-08-07).
  7. a b c Autoreak: Joana Garmendia eta Ekain Garmendia (130-133. orr.)
  8. a b c «La posverdad es más peligrosa que la mentira Egia-ostea gezurra baino arriskutsuagoa da» UPV/EHU (Noiz kontsultatua: 2021-08-07).
  9. a b c Irati Zubia: 'Egia-ostea ziurgabetasun garaian'. (Noiz kontsultatua: 2021-08-07).
  10. a b c «Egia-ostea ziurgabetasun garaian - Jakin.eus» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-07).
  11. a b c Arrieta Urtizberea, Agustin (2017), Zientziaren argi-itzalak. Usurbil: UEU. Arrieta Urtizberea, Agustin (2019), Gogoeta-bide irekiak. Bilbo: EHU.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]