Saskibaloi

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Saskibaloi partida AEBetan

Saskibaloia jokaleku angeluzuzen batean bosna jokalariko bi taldek jokatutako kirola da. Helburua jokalekuaren alde banatan dauden bi tauletako batean 3 metroko garaieran iltzatutako 46 zentimetroko diametroko uztai batean baloia sartzea da, baloi hori eskuekin maneiatuz. Oro har, 10 minutuko iraupena duten lau zati edo laurdenetan jokatzen da; bigarren laurdenaren ondoren, 10 minutu inguruko atsedena egiten da. AEBetako liga nagusian, NBAn, laurden bakoitzak 12 minutu irauten du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1891n asmatu zen kirol hau. AEBetako Springfieldeko YMCA unibertsitatean irakasle zebilen James Naismith irakasle kanadarrak asmatu zuen, hain zuzen ere. James Naismithek taxutu zituen gaur egun ere neurri handi batean indarrean diren oinarrizko hamahiru arauak:

  1. Pilota norabide guztietara bota dezakezu esku batekin edo bi eskuekin.
  2. Pilota esku batekin edo bi eskuekin kolpekatu dezakezu norabide guztietara, baina ez ukabilekin.
  3. Jokalariak ezin du lasterketarik egin baloia eskuetan helduta duela. Jokalariak pilota eskuan hartu duen lekutik bota behar du.
  4. Pilota eskuekin maneiatu behar da. Besoak edo gorputza ezin dira erabili pilota heltzeko.
  5. Ez da onartzen aurkariaren aurka besaburuarekin talka egitea, oratzea, bultzatzea, kolpekatzea edo zangotrabatzea. Arau hori lehenengoz haustea faltatzat hartuko da; bigarrengoz deskalifikatu egingo da jokalari hori hurrengo saskiratzeraino, edo aurkaria lesionatzeko asmo nabaria izan badu, partida osorako. Ez da jokalari hori ordeztea onartuko.
  6. Faltatzat hartzen da pilota ukabilekin kolpekatzea, hirugarren eta laugarren arauak haustea, eta baita bosgarren arauan deskribatutakoa ere.
  7. Talde batek hiru falta segidan egiten baditu (hau da, aurkariek bitartean falta bat ere egin gabe), aurkarientzako puntu bat zenbatuko da.
  8. Pilota joko zelaitik jaurti, saskian sartu eta bertan geratzen bada edo baloia ertzean gelditzen bada eta aurkari batek saskia mugitzen badu, puntu bat kontatuko zaio aurkariari.
  9. Pilota bandatik ateratzen denean, zelaiaren barrura jaurtiko da eta lehenengo ukitzen duenak jokatuko du. Zalantzarik badago, jokozainak pilota botako du lerro zuzenean zelai aldera. Ateratzen duenak bost segundo ditu. Gehiago luzatzen bada aurkariak aterako du.
  10. Jokozain laguntzaileak jokalariak zigortuko ditu eta faltak idatziko ditu. Haiek izango dira talde batek hiru falta jarraian egiten dituenean ohartaraziko dutenak. Berak botako ditu kalera jokalariak ados bosgarren arauarekin.
  11. Jokozain nagusiak baloia jokatuko du eta erabaki noiz dagoen jokoan, zelaiaren barruan edo kanpoan, nori dagokion, eta denbora eramango du. Berak erabakiko du noiz lortzen den puntu bat, markagailua eramango du eta jokozain batek egiten duen beste edozein gauza.
  12. Denbora hamabost minutuko bi zati eta bost minutuko atsedenaldia izango da bi zati horien artean.
  13. Puntu gehiago lortzen duen taldeak irabaziko du.

Jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saski arautua

Iraupena: Ez profesionaleko saskibaloiko partidu batean (NCAA) hogei minutu irauten ditu zati bakoitzak eta hamar minutuko atsedenaldia dago bi zati horien artean. Partidu profesionaletan lau zati daude, eta zati bakoitzak hamar minutu (FIBAn) edo hamabi minutu (NBAn) irauten ditu. Gainera, 2.laurdenaren (zatia) eta 3.laurdenaren artean 10 minutuko atsedenaldia dago. Berdinketa gertatzen bada, bost minutuko luzapena izango da, talde batek irabazi arte.

Partidaren hasiera: Talde bakoitzeko jokalari bat erdiko zirkuluaren barruan kokatu behar da. Zirkulua marra batek banatzen du bi zatitan eta horren ondoan jarri behar dituzte oinak (zirkuluan sartu direnek). Beste jokalariak zirkuluaren inguruan jarri behar dira zelaiaren alde bietan. Jokozainak baloia gorantz botatzen du zirkuluaren erdian eta bi jokalariek bertikalki jauzi egiten dute pilota ukitzeko asmoekin. Horrela, desbideratu egiten dute pilota eta beraien taldekideren baten aldera botatzen dute (hartu gabe). Jokalariak: Saskibaloiko talde baten hamabi jokalari daude, bost jolasten eta zazpi aulkian, entrenatzaileak nahi dituen aldaketak egin ditzake, eta edozein momentutan.

Saskibaloiko baloia

Pilota: Saskibaloiko pilota esferikoa da eta seiehun gramotik seiehun berrogeita hamarrera arte pisatu dezake, hirurogeita hamabostik hirurogeita hemezortzi arteko diametroko zirkunferentzia eduki dezake eta goma zurizko edo beltzezkoa izan ohi da.

Puntuazioa: Saskibaloiko partidu batean puntu bateko, biko eta hiruko saskiratzeak egon daitezke. Tiro askeko saskiratzea bada, puntu bat lortzen da. Saskitik zero eta 6,25 metro bitarteko saskiratzeek 2 puntu balio dute. 6,25 metro baino urrunagotik botaz gero, 3 puntu lortzeko aukera dago.

Jokozaina: Hiru jokozain daude zelaian, eta 3 mahaian normalean, oharrak hartzen.

Zelaia: Saskibaloiko zelai batek azal gogorra, laua, angeluzuzena eta oztoporik gabekoa izan behar du. 15 metroko zabalera eta 28ko luzera. Zelaiaren perimetroan oztoporik gabeko bi metro egon behar dira.

Arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Txartzat hartutako jokaldiak:
    • Urratsak edo pausoak: jokalariak baloiari botea eragin gabe bi urrats baino gehiago egitea. Urratsak egiten dira, era berean, baloia kontrolatuta duzula pibotatzeko oina lurretik altxatzen duzunean.
    • Bikoitzak: baloia eskuetan izan eta gero, berriz botea eragitea.
    • Atzealdera itzultzea edo erdiko marraz atzera egitea: baloiak jokalekuaren erdiko marra pasatu eta gero, berriro atzera bueltatzea (norbere taldearen aldera joatea).
  • 3”: jokalari batek aurkariaren saskiaren eremuan gehienez egin dezakeen denbora.
  • 5”: jokalariak pilota eskuan gehienez izan dezakeen denbora (ezer ez egin gabe).
  • 8”: talde batek jokalekuaren erdiko marra gaindituta baloia aurkarien aldera eramateko duen gehieneko denbora.
  • 24”: talde batek baloia saskira jaurtitzeko duen gehieneko denbora.

Arauen hutsegiteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jokoan talde batek ondorengo hutsegite hauetakoren bat egiten badu, beste taldeak aterako du baloia, hutsegitea egin den lekutik hurbilen dagoen joko eremuaren mugatik, hau da, alboko marratik edo hondoko marratik:

  • Urratsak.
  • Bikoitzak (bi ukituko falta edo bi driblineko falta).
  • Oina: baloia oinarekin ukitzea.
  • Zona barruan 3 segundo baino gehiago egotea.
  • Alboko edo hondoko sakea gaizki edo berandu egitea.
  • 24 segundo igarota, taldeak saskira ez jaurtitzea.
  • Atzealdera itzultzea: atzera norbere joko eremura itzultzea.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partida irabazteko helburu duten ekintzei taktika edo estrategia deitzen zaie. Saskibaloiko jokalariak espezializatuta daude garaiera, trebetasuna, taktika eta teknikaren arabera; horregatik, jokalariek posizio desberdinetan jokatzen dute.

  • Oinarria: Boteak ematen trebeena da, pasean eta tiroan, pilota bere zelaitik atera eta jokaldia hasteko arduraduna da.
  • Eskolta: Oinarria estaltzen ed laguntzen duen eta hegalekoak bikoizten duen arduraduna da, oinarriaren ezaugarri berdinak dauzka.
  • Hegalekoa: Banakako teknika ona dauka eta kanpoko tiro hoberena botatzen du. Pibota pilotaz hornitzea ohituta daude.
  • Hegaleko-pibota: Barruko jaurtiketa dauka, oro har, baina oso altua ere, beraz, barrutik jokatzeko ohitura du, baita ere.
  • Pibota: Barruko tiroa eta saskirako sartzeak menderatu behar ditu, baita pibot teknika ere. Beraz, jokalari hau zona barruan egon ohi da.

Ekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Botea: Eskuarekin jokalariek kolpe txikiak egiten dituzte lurraren kontra, eta horrela joaten dira zelaiaren leku batetik bestera.
  • Aurrerapen botea: Aurkariaren saskirantz azkar joateko erabiltzen da.
  • Pasea: Teknika hau pilota boterik eman gabe mugitzeko erabiltzen da. Mota askotako paseak daude:
    • Bularreko pasea: Baloia zure bularretik lagunaren bularrera bidaltzea.
    • Pase pikatua: Hasieran bezala, baina bote bat emanez.
    • Pasea buru gainetik: Bi eskuekin egiten da eta buru gainetik.
  • Tiroa: Teknika hau jokalari batek baloia saskian sartzeko erabiltzen da, mota asko daude baloia saskian sartzeko:
    • Oinarrizko tiroa: Baloia bi eskuekin hartzen da eta batekin botatzen da.
    • Tiro askea: Falta pertsonal bat gertatzen denean botatzen dena.
    • Matea: Saskibaloiaren tiro ikusgarriena da. Normalean profesionalak egiten dute, nolabaiteko altuera izan behar delako saskira iristeko.
    • Kakoa: Tiro hau egiteko besoa zabalduta eta profilez egiten da.
    • Pibota: Oin baten gainean giro eginez , baina altxatu gabe.

Hirukoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiruko jaurtiketen lerroaren konparaketa

Hiruko jaurtiketen marra 6,75 metrotara dago, eta erdi-zirkunferentzia formakoa da. Marra horren atzetik botatzen denean, hirukotzat ematen da jaurtiketa (beti marra zapaldu gabe). Hala ere, distantzia hori ezberdina da txapelketa ezberdinetan:

  • NBA-n, hiruko jaurtiketen lerroak ez du erdi-zirkunferentzia forma, baizik eta bi lerro paralelo dira, haien artean kurboa den lerro batekin lotuta daudenak. Beraz, lerro kurboa dagoen lekuan 7,24 metrotara dago, baina lerro paraleloak dauden eremuan 6,70 metrotara dago
  • ACB ligan, 2008tik aurrera 6,75 metrotara dago hiruko jaurtiketen lerroa. Urte hori baino lehen, lerroa 6,25 metrotara zegoen
  • NCAA ligan, edo AEBko unibertisateen ligan, 6,02 metrotara dago, bai gizonezkoentzat baita emakumezkoentzat ere.

Txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Selekzioen arteko txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liga nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Euroliga, Europako taldeen txapelketa gorena.
  • Eurocup, Europako bigarren txapelketa nagusia, Korać Kopak eta Errekopak bat egitean sortua.
  • Basketball Champions League, 2016an sortutako Europako beste txapelketa bat, FIBA-k kudeatuta.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]