BBC
British Broadcasting Corporation edo BBC Erresuma Batuko irrati eta telebista enpresa publikoa da. 1922ko urriaren 18an sortu zen, irratia emititzeko, eta 1936ko azaroaren 2an hasi zen telebista saioak ematen. Erresuma Batu osorako emititzen dute Londonen duten egoitza zentraletik. BBC nagusiki telebista izateagatik da ezaguna, bederatzi kate baititu, baina irrati asko ere baditu: 10 irrati nazional eta 40 irrati lokal. Webgunea ere badute. BBCren kate gehienak Erresuma Baturako egiten dira, baina nazioarteko katea ere badute, ia mundo osoko hedapenarekin. David Clementi da BBCko autoritate nagusia. Bestalde, Tony Hall da BBCko zuzendari nagusia. Jabea Erresuma Batuko Gobernua da.[1]
Historia[2][aldatu | aldatu iturburu kodea]
1922ko urriaren 18an jaio zen BBC, “British Broadcasting Company Ltd” gisa. Irratiak fabrikatzen zituzten enpresa-buruen bilkura batean atera zen ideia. Esperimentuzko irrati-emisio batekin hasi ziren eta urte bereko azaroaren 14an eguneroko emisioari ekin zioten. John Reith izan zen proiektu berri honen lehenengo zuzendaria.
1927ko urtarrilean, errege-dekretu bidez gobernuaren kontrolpeko hedabide publiko bihurtu zen, “British Broadcasting Corporation” izenpean. Errege-dekretu horrek BBCren helburu, botere eta betebeharrak zehazten ditu, eta Zuzendari Orokorra eta goi-mandatariak dekretuak berak zehazten duen politika betetzeaz arduratu behar dira.
1930eko hamarkada aldaketa handiko hamarkada izan zen BBCrentzat. 1932ko maiatzean Savoy Hill eraikinera lekualdatu ziren BBCren estudioak. Hamarkada berean, 1936ko azaroan telebista zerbitzua emititzeko probekin hasi ziren, baina Bigarren Mundu Gerraren hasiera zela eta, 1939an, telebistaren emisioa moztu zuten.
1946an emakumeei zuzenduriko irrati programa bati ekin zioten, “Woman’s Hour” izenekoa. 1948an lehenengo albistegiak burutu zituzten, eta urte bereko udan telebistaz eman zituzten lehenengo olinpiar jokoak, Londonen ospatutakoak.
Hortik aurrera, BBCk irrati eta telebistako garapenean jarraitu zuen, eta alor askotan aitzindariak izan ziren: eguraldi-aurreikuspenak telebistaz ematen lehenengotarikoak izan ziren, parlamentuko saioak zuzenean emititzen hasi ziren…
1950eko hamarkadatik aurrera aldaketak eman ziren, baina ez lehenago aipatu ditugun bezain garrantzitsuak, hedabidearen oinarriak jada ezarrita baitzeuden: koloretako emisioekin hasi ziren lehenengotarikoak izan ziren, kate berriak sortzen hasi ziren (“BBC Two” katea izan zen bigarrena)... Hamarkada horretatik aurrerako aldaketa nagusia webgunea da, mundu guztira zabaltzeko aukera ekarri baitzuen. Hala, gutxinaka online zerbitzua garrantzia irabazten hasi zen, eta langile asko bideratu ziren horretara. Aldaketa hau dela eta, munduan zabaltzen hasi zenez, nazioarteko informazioari garrantzi handiagoa ematen hasi ziren, beste hainbat hedabide bezala (CNN, The New York Times, El País…).
Irrati kateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Radio1: Musika eta aisialdia.
- Radio2: Erresuma Batuko irrati katerik entzunena, 12,9 milioi entzulerekin.
- Radio3: Musika berezia: klasikoa, opera, munduko musika...
- Radio4: Gai intelektualak, albisteak, nobelak, literatura...
- Radio5: Eguneko 24 orduetan, albisteak, kirola eta eztabaidak.
- Tokian tokiko irrati kateak: Gales, Eskozia eta Ipar Irlandan bereziki, baita bertako hizkuntzetan (galesez, Eskoziako gaeleraz...) emititzen dutenak ere.
- BBC World Service: Atzerrirako irratia.
Telebista kateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- BBC One: Munduko lehen telebista kate publikoa.
- BBC Two: Dokumentalak, eztabaidak, analisia... Kolorez emititu zuen lehen telebista da (1967).
- BBC Three: Gazteentzako telebista.
- BBC Four: Telebista adimentsua: dokumentalak, jatorrizko bertsioko filmak, telesail ezagunak.
- BBC News 24: Albisteak, egun osoan zehar.
- BBC Parliament: Westmisterreko aferak eta nazioarteko politika.
- CBBC: Sei urtetik gorako haurrentzako telebista.
- CBeebies: Sei urtetik beherako haurrentzako telebista.
- BBC World: Nazioarteko telebista, publizitate bidez finantzatua, nazioarteko albisteak eta analisia.
Negozio eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Europan telebista publikoa finantzatzeko bi eredu orokor daude. Bata kanon bidezko finantziazioa da, eta bestea finantziazio publikoa. Kanona telebista izateagatik bakarrik ordaindu behar den zerga zuzen bat da, telebista publikoa finantzatzeko erabiltzen dena. Bestalde, kanona erabiltzen ez duten herrialdeek finantziazio publiko bidez ateratzen dute aurrera telebista publikoa, salbuespenak salbuespen (Luxenburgo, Liechtestein eta Monakoko telebista publikoak adibidez publizitate bidez elikatzen dira esklusiboki). BBC kanon bidez finantzatzen diren telebista publikoen taldean sartzen da.
Britainiarrek 154,5 libera (181 euro) ordaindu dituzte kanonagatik 2019.urtean. Lau liberako igoera jasan dute aurreko urtetik (4,7 euro). Zerga honen zenbatekoa Erresuma Batuko Legebiltzarrak zehazten du, baina normalean urtero kontsumorako prezioaren indizearen igoerarekin batera igotzen da, nahiz eta behin baino gehiagotan BBCk kanonaren prezioaren igoera eskatu dion parlamentuari (kontsumorako prezioaren indizearen igoera motela dela eta). Eskaera horiek, negoziazio batzuen bitartez, onartuak izan dira askotan: 1993an eta 2001ean, adibidez. Herrialde askotan, kanona ez ordaintzeak zigor gogorrak dakartza, isun administratiboetatik prozesu penaletara (azken hau da Erresuma Batuaren kasua).
Webguneak, berriz, erabiltzaile bat sortzeko aukera ematen du, baina ordenagailu bidez ez du inolako kasuan dirurik eskatzen eduki zehatz bat ikusteko aukera izateko. Mugikor eta tablet bidez, ordea, bai eskatzen du eduki zehatz bategatik diru kopuru bat. Internetetik telebista ikusteko ere ordaindu behar da.
www.bbc.com/mundo webgunean, gaztelerazko bertsioan, Britainia Handiko webgunean ez bezala, publizitatea dago. BBCren argudioaren arabera, britainiarrek jada asko ematen diote BBCri telebista kanonaren bidez, beraz, britainiarrek interneteko edukia publizitaterik gabe kontsumitu dezakete. Hala, BBCren webgunea EB-tik kanpo ikusten duenak iragarkiak izango ditu, eta Erresuma Batuaren webgunean sartzen denak ez du ikusiko iragarkirik.
BBCren ingelesezko edizioan eta BBC World edizioan ez dago publizitaterik; BBCren produktuen propaganda bakarrik dago. 2009. urtean BBCk bere telebista-kate eta irrati emisoreetan publizitatea debekatu zuen, baldintza berezietako onura publikoko publizitatea izan ezik.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ (Gaztelaniaz) «La BBC en 10 preguntas» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2019-05-30).
- ↑ (Ingelesez) «History of the BBC - 1920s» History of the BBC (Noiz kontsultatua: 2019-04-01).
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- (Ingelesez) BBCren webgunea