Taj Mahal

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Taj Mahal
ताज महल
تاج مَحَل
تاج محل
World Heritage Logo global.svg UNESCOren gizateriaren ondarea
Taj Mahal (Edited).jpeg
Kokapena
Herrialdea India
Indiako estatuaUttar Pradesh
Division of IndiaAgra division
Indiako barrutiAgra barrutia
HiriaAgra
Koordenatuak27°10′27″N 78°02′32″E / 27.1742°N 78.0422°E / 27.1742; 78.042227°10′27″N 78°02′32″E / 27.1742°N 78.0422°E / 27.1742; 78.0422
Historia eta erabilera
Eraikuntza1631 - 1653
KomisarioaShah Jahan (1632)
Izenaren jatorriaMumtaz Mahal
Erlijioaislama
Arkitektura
ArkitektoaUstad Ahmad Lahauri
Materiala(k)haitzurdina
EstiloaIslamiar arkitektura
Irandar arkitektura
Mogol arkitektura
Dimentsioak74 (altuera) m
Gizateriaren ondarea
Irizpidea(i)
Erreferentzia252
Eskualdea[I]Asia eta Ozeania
Izen-emateabilkura)
Bisitariak urtean6.532.366
Webgune ofiziala
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Taj Mahal (hindiz: ताज महल, Tāj Mahal, urduz: تاج محل‎ Tāŷ Mahal 'Jauregi koroa'; tɑːʒ mə'hɑl ahoskatua) Agra hirian (India), Yamuna ibaiaren ertzean, dagoen mausoleo handia da, Shah Jahan errege mogolak bere emaztea zen Mumtaz Mahalen omenez eraikia XVII. mendean, 1631 eta 1654 bitartean.

Taj Mahal jauregiaren adibiderik ederrentzat jotzen da, arkitektura islamdar[1], persiar[2], indiar eta are otomandarreko[3] elementuak uztartzen dituen estiloan eraikia. Marmol zuriko kupulak estalitako mausoleoa zatirik ezagunena den arren, Taj Mahal 17 hektarea hartzen dituen eraikin multzo harresitu bat da, horien artean meskita handi bat, gonbidatuen etxe bat eta lorategiak Yamuna ibaiaren bi ertzetan. Bere eraikuntzak 20.000 langileren ahalegina behar izan zuela uste da, Ustad Ahmad Lahori gorteko arkitektoa buru zuen arkitekto multzo baten zuzendaritzapean[4][5].

Monumentu honek ospe berezia lortu du bere inspirazioaren izaera erromantikoagatik: kupularen azpian, ganbera nahiko ilun batean, Sha Jahan eta Mumtaz Mahalen gorpuak daude, munduari beren betiereko amodioa gogorarazi nahian. Erregina bere hamalaugarren haurra erditzean hil zen. Monumentua Indiako helmuga turistiko garrantzitsu bat da, urtero 7-8 milioi bisitarirekin. 1983an, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen, "Indian arte musulmanaren harribitxia eta mundu osoan miretsitako munduko ondarearen maisulanetako bat" izateagatik.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shah Jahan enperadorea mezenas oparo bat izan zen, baliabide ia mugagabeak zituena. Bere babespean eraiki ziren Shalimar jauregi eta lorategiak Lahoren, hau ere bere emaztearen omenez. Mumtaz Mahalek, bere senarrari, hamalau seme-alaba eman zizkion, baina azkena erditzean hil zen, eta enperadorea, atsekabetuta, ia berehala hasi zuen, 1632an[6], Taj Mahalen eraikuntza, hil ondorengo eskaintza bezala[7]. Eraikinaren xehetasun guztiek bere izaera erromantikoa erakusten dute[8][9], eta multzoak estetika bikainaren gorazarre egiten du.

Taj hitza (تاج) persieratik dator, mogol gortearen hizkuntza, eta "koroa" esan nahi du. Mahal (محل), berriz, Mumtaz Mahalen aldaera labur bat da, izen formala Arjumand Banu Begumen ("jauregiko lehen dama") zelarik gortean. Taj Mahal izenak hortaz, Mahal (erreginaren) koroa esan nahi du. Izena horizon hasiera-hasieratik erabili izan da, 1663an François Bernier bidaiari frantsesak eraikinaren berri emateko Tage Mehale erabili baitzuen.

Lanak 1656an amaitu eta gutxira, Shah Jahan gaixotu egin zen, eta bere seme Shah Shujak bere burua enperadore izendatu zuen Bengalan, eta Muradek ere, bere anaia Aurangzeben laguntzarekin, gauza bera egin zuen Gujaraten. Shah Jahan, jada oso gaixorik zegoena, amore eman zuen eta Aurangzebek bizirik jarraitzeko baimendu zuen, Agrako gotorleku hurbiletik irten gabe atxilotua. 1666an hil ondoren (10 urte geroago), Aurangzebek mausoleoan lurperatu zuen emaztearen ondoan[10], multzoaren simetria perfektuaren haustura bakarra sortuz.

Taj Mahal 1865an, Felice Beatoren argazkian.

XIX. mendearen amaieran, Taj Mahaleko zenbait sektore oso hondatuta zeuden, mantentze faltagatik. Indiako matxinadaren garaian (1857), soldadu britainiarrek, zipaioek eta gobernuko ofizialek kaltetu zuten, harribitxiak eta lapis lazulia harresietatik erauzi zituztenak.

1908an bukatu zen Lord Curzon britainiar erregeordeak agindutako zaharberritzea. Cuzonek barne ganberako lanpara handiaren fabrikazioa ere agindu zuen, Kairoko meskita batean zegoen antzeko baten ereduaren arabera. Lorategiak ingeles erara birmoldatu zituen ere. XX. mendean tenpluaren mantentzea eta zaintza hobetu zen. 1942an, gobernuak aldamio erraldoi bat eraiki zuen kupula estaltzeko, Luftwafferen balizko aire-eraso batetik babesteko eta, ondoren, Japoniako aire indarrena[11][12]. Babes hau, berriz, 1965 eta 1971ko India eta Pakistanen arteko gerretan eraiki zen, bonbaketariak engainatzeko[13].

Mehatxu berrienak Yamuna ibaiaren ertzetan dagoen ingurumen-kutsaduratik eta Mathurako findegiak eragindako euri azidotik datoz. Bi arazoak hainbat helegiteren xede izan dira Indiako Justizia Auzitegi Gorenean. Kutsadurak Taj Mahaleko marmol zuria hori bihurtzen du, monumentua itxuraldatuz. Kutsadura kontrolatzen laguntzeko, Indiako gobernuak Taj Trapezio Zona (TTZ) ezarri du, monumentuaren inguruan 10.400 km2 luze-zabaleko eremua, non igorpenen estandar zorrotzak aplikatzen diren.

Azken urteotan, egiturari buruzko kezkak sortu dira, Yamuna ibaiaren arroko lurpeko uren maila aldatu izanaren ondorioz, urtean 1,5 m inguru jeisten baita. 2010ean, pitzadurak agertu ziren hilobiaren zati batzuetan eta monumentua inguratzen duten minareteek makurdura zantzuak erakutsi zituzten, zurezko zimentazioak usteltzen egon zitekeelako ur faltaren ondorioz. Bi eraikin periferikotan kokatutako minareteak kaltetutzat jo zituen ekaitz baten ondorioz 2018ko apirilaren 11n.

Duela gutxi, sektore sunita batzuk eraikinaren jabetza aldarrikatu zuten, gurtza islamiko horretako kide batekin ezkondutako emakume baten hilobia dela oinarri hartuta. Indiako Gobernuak atzera bota du erreklamazioa, oinarririk gabekotzat jota, Taj Mahal Indiako nazioaren jabetza besterenezina baita.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taj Mahal multzoaren oinplanoa:
1 Ilargi-argi lorategia
2 Yamuna ibaia
3 Minareteak
4 Mausoleoa
5 Meskita
6 Jawab
7 Txahar bagh (lorategia)
8 Darwaza (sarrera gotorlekua)
9 Kanpoko patioak
10 Sarrera nagusiko zabaldia
11 Hilobi sekundarioak
12 Sarrera nagusiko ataria
13 Taj Ganji (bazarra)

Mausoleoa da 17 hektareako multzoko pieza nagusia, beste hainbat atalez gain, horien artean meskita bat, gonbidatu etxea eta lorategiak, horiek guztiak almenadun horma batez mugatuak hiru aldetatik.

Taj Mahal multzoaren ardatz nagusia Yamunaren ibaiertzarekiko perpendikularra da eta simetria antolaketa ugari ditu. Multzoaren erdian Txahar bagh lorategia dago, persiar jatorrikoa, laukitan banatua, ubideek osatutako gurutzearen bidez antolatua. Uraren azalerak eraikinak islatzen ditu, simetria-efektu gehigarria sortuz.

Mausoleoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mausoleoa.

Mausoleoa Taj Mahal multzo osoaren puntu fokala da, simetria, ordena eta zorroztasun ikaragarriaz egina. Marmol zuriko egitura handi bat da, oinarri karratu baten gainean dagoen eraikin simetrikoa, lau aldetan arku zorrotzeko iwan bat duena eta erraboil itxurako kupula handi batez koroatua. Kupula handien albo banatan beste bi daude, txikiagoak. Eraikin osoa inguratzen duen laukiaren kantoietan zilindro itxurako lau dorre mehe daude, kanpoaldera pixka bat makurtuak, lurrikararen batek eraitsiz gero, ez daitezen erori eraikuntza nagusiaren gainean. Mogol hilobi gehienak bezala, oinarrizko elementuak persiar jatorrikoak dira.

Eraikina ganberatan banatutako azalera handi bat da, non erdikoak Shah Jahan eta Muntazen zenotafioak hartzen dituen, hilobiak azpiko maila batean baitaude. Oinarria, funtsean, ertz alakatuko kubo bat da, 55 metroko aldea duena. Alde bakoitzaren gainean, "pishtaq" edo arkuteria batek inguratzen ditu iwanak, antzeko goiko mailarekin baina balkoiekin. Iwaneko arku nagusiak oinarriaren goialderaino iristen dira, fatxada integratu bat sortuz. Motibo hori alaketan jarraitzen du. Diseinua erabat uniformea da eta oinarriaren lau aldeetan errepikatzen da. Oinarriko idulkiaren erpin bakoitzean, minarete batek multzoa osatzen eta nabarmentzen du.

Alaketako arkuteria bikoitza.

Marmol zurizko kupula, mausoleoaren gainean dagoena, multzoaren elementurik ikusgarriena da. 35 m garai da, oinarriaren luzeraren ia berdina, danbor baten gainean 7 m goratua. Kupularen itxuragatik "amrud" (guaiaba) edo "erraboil-kupula" (erraboil edo tipula itxurakoa) esaten zaio. Kupularen goiko herena, loto lorezko erliebe batekin apaindua dago, garaiera areagotzen duena. Goi-goian, pinakulu edo orratz urrekara batek tradizio islamikoak eta hinduak uztartzen ditu. Orratz hau ilgora batekin amaitzen da, Islamaren ohiko motiboa, adarrak zerurantz dituena[14]. Orratzaren tontorrak ilgora zeharkatzen duenez, hiruhortz itxura konbinatua hartzen dute, Shiva jainkoaren ohiko indiar ikurra. Orratz nagusi hau, jatorrian urrezkoa zen, baina, XIX. mendearen hasieran brontze urreztatuzko kopia batek ordezkatu zuen.

Kupularen lau aldeetan, chhatri edo kiosko kupuladun bana dago, erdiko kupularen itxura errepikatzen dutenak. Beraien danbor zutabedunak mausoleoaren sabaian irekitzen dira eta argi naturala ematen diote barrualdeari. Chhatriek ere orratzak dituzte gailurrean.

Idulkiaren izkina bakoitzean minarete bat altxatzen da: 40 metro baino gehiagoko garaiera duten lau dorre handi, berriz ere Taj Mahalek diseinu simetriko eta errepikakorrarekiko duen zaletasuna erakusten dutenak. Dorreak minarete funtzionalak dira, meskitetan bezala, nondik muezzinak otoitz egitera deitzen duen. Minarete bakoitza hiru atal berdinetan banatuta dago, eraztun bezala inguratzen duten bi balkoirekin. Dorrearen gailurrean, chhatri batez estalitako terraza batek mausoleoaren diseinua errepikatzen dute: kupula, loto lorea eta orratz urrekara. Minarete bakoitza pixka bat kanporantz okertuta eraikia zen, eroriz gero (garai hartan usu zena) mausoleoa ez kaltetzeko.

Kanpo dekorazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taj Mahal mausoleoaren kanpo dekorazioa mogol arkitekturako finenetakoa da. Erabilitako dekorazioa mota askotakoa da: margoa, iztukua, harri mosaikoa (titakadura) eta erliebea. Islamaren irudi atropomorfikoen debekuari jarraiki, elementu dekoratiboak hiru dira: kaligrafia, irudi abstraktuak eta landare motiboak.

Kaligrafia mausoleoaren iwan nagusian.

Kaligrafia multzo osoan zehar ageri da dekorazioarekin bat eginda, Koranaren pasarteak adieraziz. Amanat Khan mogol gorteko kaligrafo persiarrak sortutako testuak oso loratuak eta ia irakurtezinak dira. Kaligrafoaren sinadura hainbat paneletan agertzen da. Kaligrafiaren kopuru handi bat titakadura erabiliz aplikatu zen: jaspe edo marmol beltzez idatzitako thuluth estilo loretsu batek osatzen du marmol zurizko paneletan txertatua. Ikuslearengandik urruti dauden goiko panelak kaligrafia proportzionatuarekin idatzita daude, behetik begiratzean ikusmen-distortsioa konpentsatzeko. Lanetako batzuk oso-oso zehatzak eta delikatuak dira, bereziki hilobiaren zenotafioen marmolean daudenak. Azkenaldiko azterketek iradokitzen dute Amanat Khanek berak aukeratu zituela pasarteok[15][16].

Testuak, oro har, justiziari, sinesgabeentzako infernuari eta fededunentzako paradisu-promesari buruzkoak dira. Pasarte nagusien artean, honako surah hauek daude: 91 (eguzkia), 112 (fede-garbitasuna), 89 (eguneko atsedena), 93 (goizeko argia), 95 (pikondoak), 94 (irekidura), 36 (Ya Sin), 81 (iluntasuna), 82 (pitzadura), 84 (urradura), 98 (ebidentzia), 67 (domeinua).

Arte abstraktuaren irudiak, bereziki, mausoleoaren idulkian, minareteetan, meskitan eta jawabean erabiltzen dira, baita hilobiaren azalera txikietan ere. Solairuek eta bidexkek kolore eta forma ezberdineko mosaikoak erabiltzen dituzte, patroi geometriko konplexuetan konbinatuta. Marmolezko plaken gaineko inkrustazio-teknikak halako perfekzioa du, non harri eta harribitxi inkrustatuen arteko junturak doiki bereizten baitira handitze-leiar batekin. Lore batek, zazpi zentimetro karratu ingurukoa, 60 inkrustazio edo titaka ezberdin ditu, ukitzen bada gainazal leuna eskainiz.

Mausoleoaren beheko hormetan marmolezko behe-oholak ageri dira, lore eta mahatsondoen behe-erliebeekin, lan bikaina nabarmentzeko leunduak izan direnak. Behe-oholak eta arkuen alboak harri erdi-bitxien inkrustazioekin apaindu dira, lore, fruitu eta mahatsondo marrazki oso estilizatuak osatuz. Inkrustatutako harriak marmol horia, jadea eta koloretako kuartzoa dira, hormen gainazalarekin lerrokatuta eta leunduta.

Barrualdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taj Mahaleko erdiko aretoak teknika tradizionaletatik haratago doan dekorazioa du, eta eskuzko artearen forma garaiagoekin lotzen du, urregintza eta bitxigintza kasu. Hemen, inkrustazioetarako erabiltzen den materiala ez da marmol edo jadea, harri bitxi eta erdi-bitxiak baizik, kanpoko dekorazio-elementu bakoitza islatuz.

Mausoleoaren oinplanoa.

Areto nagusia oktogonala da, eta edozein aldetatik sartzeko aukera badago ere, soilik hegoaldeko atea, lorategietarako norabidean, erabili ohi da. Barruko hormek, gutxi gorabehera, 25 m garai dira, eta horien gainean, eguzki motiboekin apaindutako barneko kupula izun bat eraiki zen. Zortzi arku zorrotzek zehazten dute espazioa lurraren mailan. Kanpoaldean bezala, arku erdi bakoitzari bigarren bat gainjartzen zaio paretan, garaiera erdian. Erdiko goiko lau arkuek, begiratokiak dituzten balkoiak osatzen dituzte kanporantz. Balkoi hauetako leiho bakoitzak marmolezko jali edo sareta bat dauka. Balkoietatik datorren argiaz gain, kanpoko kupularen izkina bakoitzetaki chhatrietatik sartzen denarekin osatzen da argiztapena.

Tradizio musulmanak hilobien apainketa landua debekatzen du eta, beraz, Mumtaz eta Sha Jahanen gorpuek, ganbera nahiko xume batean atseden hartzen dute, Taj Mahaleko areto nagusiaren azpian. Ipar-hego ardatz baten arabera lurperatuta daude, aurpegiak eskuinerantz dituztela Mekarantz.

Beste eraikinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebal eraikina, meskita bat mausoleoari begira.

Multzoa almenadun hareharri gorriko hormez inguratuta dago. Ibaira ematen duen aldea zabalik dago. Hormetatik kanpo, zenbait mausoleo gehigarri daude, Shah Jahanen beste emazte batzuenak barne, eta hilobi handiago bat Mumtazen zerbitzari kutunarentzat.

Sarrera nagusia (darwaza) nagusiki haitzurdinez eraikitako egitura monumental bat da, eta lehen enperadoreen arkitektura mogola gogorarazten duena. Bere arkuek mausoleoko arkuen forma islatzen dute, eta bere pishtaq arkuek hilobia apaintzen duen kaligrafia dute. Sabai gangatuek eta hormek diseinu geometrikoak dituzte, hareharrizko beste eraikinetan daudenak bezalakoak.

Sarreratik urrutien dagoen muturrean, hareharri gorriko bi eraikin handi daude, hilobiaren alboetara begiratzen dutenak. Eraikinen atzealdeak mendebaldeko eta ekialdeko hormekiko paraleloak dira. Mendebaldeko eraikina meskita bat da eta bestea jawab (“erantzuna”), oreka arkitektonikorako eraiki zela uste dena, agian gonbidatu etxe bezala erabilia izan zitekeen arren. Bi eraikinen arteko desberdintasunak, jawabeko mihrab baten falta (meskita baten horman dagoen nitxo bat Mekaruntz zuzendua) eta bere diseinu geometrikoko zoruak dira, meskitako zorua marmol beltzezko 569 otoitz-tapizkin apaindua baitago. Meskitaren oinarrizko diseinua Shah Jahanek eraikitako beste batzuen antzekoa da, bereziki Masjid-i Jahān-Numā meskitarena, hiru kupulaz errematatutako gela luze bat baita. Garai honetako mogol meskitetan santutegi aretoa hiru gunetan banatzen dira: santutegi nagusia eta eta bi aldetan santutegi txikiagoak.

Eraikin hauek 1643an osatu ziren.

Lorategiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bidexkak ubidearen alde banatan, sarreraruntz.

Txahar bagh, erdiko lorategi handia, Babur lehen enperadore mogolak sartu zuen Indian, persiar lorategien tradizioan inspiratutako diseinu baten arabera, paradisuko lorategiak irudikatzeko asmoz. Mogol garaiko testu mistiko islamikoetan, paradisua lorategi ideal bezala deskribatzen da, oparotasunez betea. Urak funtsezko rola jokatzen du, lau ibai deskribatzen baititu erdialdeko iturri batetik sortzen, Eden lau zatitan banatuz. Lorategia ere, puntu kardinalen arabera (ipar, hego, mendebal eta ekialdean) banatzen da lau ataletan. Lorategiko atal bakoitza, hamasei lore-parterretan bidexkaz banatuta dago eta erdian marmolezko urmael goratu bat du sarreraren eta mausoleoaren artean, eraikinaren irudi islatua itzultzen duena[17].

Lorategi mogol gehienak forma angeluzuzenekoak dira eta erdian pabiloi bat dute. Taj Mahal ezohikoa da alde horretatik, eraikin nagusia, mausoleoa bera, mutur batean kokatzen baita. Baina berriki, Yamuna ibaiaren kontrako ibarrean Mahtab bagh (Ilargi-argi lorategia) aurkitu izanak, beste interpretazio bat ahalbidetzen du, ibaia paradisuko “ibaietako bat” bihurtzeko moduan sartuz[18].

Lorategien marrazkiak eta ezaugarri arkitektoniko nagusiek, hala nola iturriak, marmolezko eta adreiluzko bidexkak, material bereko eskantzuak (Shalimar lorategien antzekoak), iradokitzen dute Ali Mardan ingeniariak berak diseinatutakoak izan daitezkeela. Lorategiaren deskribapen zaharrenek bere landaretza oparoa aipatzen dute, arrosadi, lilipa eta fruta-arbolen ugaritasunarekin.

Mogol Inperioaren indarra jeitsi zen heinean, Taj Mahal eta bere lorategiek garrantzia galtzen joan ziren. XIX. mendearen amaieran, Britainiar Inperioak Indiaren hiru bostenak baino gehiago kontrolatzen zituen, eta Taj Mahalaren administrazioa hartu zuen bere gain. Paisaia nahi bezala aldatu zuten, Londresko lorategien antz handiagoa emateko.

Eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taj Mahalaren eraikuntza mausoleoaren zimenduekin hasi zen. 12.000 m2 inguruko azalera induskatu eta hondakinekin bete zen, ibaiaren filtrazioak murrizteko. Eremu guztia ibaiertzeko mailaren gainetik ia 15 m altxatu zuten. Taj Mahalek 60 m garai inguru da, eta kupula nagusiak 20 m diametro eta 25 m garai. Mausoleoaren inguruan putzuak zulatu ziren maila freatikoa aurkitu arte, eta harriz eta hondakinez bete ziren zimenduen oinarriak eratuz. Putzu ireki bat utzi zen inguruetako maila freatikoaren aldaketa aztertu ahal izateko.

Garai hartan ohikoak ziren banbuzko aldamioak erabili beharrean, langileek adreiluzko aldamio erraldoiak eraiki zituzten, bai kanpotik eta bai mausoleoaren hormen barrutik.

Marmola eta bestelako materialak Agratik obrara eramateko, 15 km luzeko lurrezko arrapala bat eraiki zen. Garaiko erregistroen arabera, bloke handiak garraiatzeko, espreski eraikitako gurdiak erabili ziren, 20 edo 30 idiko taldeek tiratua[19]. Blokeak posizioan jartzeko, zurezko zutabe eta habeen gainean muntatutako txirrika-sistema konplexu bat behar izan zen. Energia idi eta mandoek ematen zuten.

Uste denez, 1.000 elefante baino gehiago erabili ziren eraikuntzako materialak garraiatzeko eta 22.000 langile, margolari, brodatzaile eta harginen ahaleginak behar izan ziren[20]. India eta Asia osoko materialekin eraiki zen: marmol zuri zeharrargia Makrana hiritik (Rajasthan), jaspea Punjab eskualdetik, Txinako jadea eta kristala Txinatik, turkesa Tibetetik, lapis-lazulia Afganistandik, zafiroa Sri Lanka uhartetik eta kornalina Arabiatik. Guztira, hogeita zortzi harribitxi eta erdi-bitxi mota sartu zituzten marmol zurian.

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Brend, Barbara. (1991). Islamic Art. Harvard University Press, Cambridge.
  2. Trachtenberg, Marvin; Hyman, Isabelle. Architecture: From Pre-history to Postmodernism. , 223 or. ISBN 978-0131833654..
  3. Goodwin, Godfrey. A History of Ottoman Architecture. ISBN 9780500274293..
  4. (Ingelesez) Taj Mahal: The Jewel of Muslim Art in India - IslamiCity. (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  5. (Frantsesez) UNESCO World Heritage. Taj Mahal. (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  6. Sarkar, Jadunath (Sir). (1919). Studies in Mughal India. Calcutta M.C. Sarkar, 30, 31 or. (Noiz kontsultatua: 2015-05-20).
  7. (Ingelesez) Taj Mahal. Public Broadcasting Service (Noiz kontsultatua: 2015-02-07).
  8. Muhammad Abdullah Chaghtai Le Tadj Mahal D'Agra (Hindi). Histoire et description (Brusela) 1938 p. 46.
  9. 'Abd al-Hamid Lahawri Badshah Namah Ed. Maulawis Kabir al-Din Ahmad and 'Abd al-Rahim under the superintendence of William Nassau Lees. Vol. I Kalkuta 1867 384-9 or. ; Muhammad Salih Kambo Amal-i-Sal\lih or Shah Jahan Namah Ed. Ghulam Yazdani Vol.I (Kalkuta) 1923. 275 or.
  10. Gascoigne 1971.
  11. Scaffolding from NatGeo.
  12. DuTemple, Lesley A.. (2003). The Taj Mahal. Twenty-nombre Century Books, 96 or. ISBN 978-0-8225-4694-8. (Noiz kontsultatua: 2015-02-07).
  13. BBC, Taj Mahal. (Noiz kontsultatua: 2015-02-07).
  14. Tillotson, Giles Henry Rupert. (1990). Mughal India. Chronicle Books ISBN 978-0-87701-686-1..
  15. Taj Mahal Calligraphy.
  16. Koch 2006, 100 orr. .
  17. Begley, Wayne E.. (1979). «The Myth of the Taj Mahal and a New Theory of Its Symbolic Meaning» The Art Bulletin (1): 14. doi:10.2307/3049862..
  18. Wright, Karen. (2000-07-01). «Works in Progress» Discover (Kalmbach Publishing) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2015) (Noiz kontsultatua: 2015-02-07).
  19. Carroll, David. (1973). The Taj Mahal. Newsweek ISBN 978-0-88225-024-3. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014).
  20. 10 interesting facts about the Taj Mahal. (Noiz kontsultatua: 2019-01-22).

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]