Albisteak

GCompris 2.0 argitaratu da

Jarduera berri eta hobetu ugarirekin dator 2.0 bertsioa. Esteka honetan, euskaraz, aurkituko duzu argitalpenaren albiste ofiziala.

GCompris 2.0

GCompris (wikian) kalitate handiko hezkuntza-software multzo bat da. Adin guztietako haurrak hezteko balioa du eta dibertsio ordu asko eskaintzen dizkie etxeko txiki eta ez hain txikiei.

Argitalpen honek mota askotariko 175 jarduera dakartza, zailtasun maila ezberdinekoak, adin eta gaitasun ezberdinei zuzenduak.

Gogoko jarduerak

Bertsio berria 33 hizkuntzara itzulita dator, 26tan erabat itzulita, Euskara haien artean. Euskarazko itzulpenak goitik behera aztertu eta koherentzia eta zuzentasuna bilatuz berregin dira hizkuntzarekiko esperientzia naturalagoa eta atseginagoa egiteko.


KDE proiektu erraldoiaren aterkipean garatzen den GComprisek 20. urteurrena ospatzeko 1.0 bertsioa argitaratu zuen iaz.

GCompris software askea da, 1.1 bertsiotik AGPLv3 lizentziarekin argitaratzen da. Lizentzia askeari esker, zure beharretara egokitu dezakezu, hobetu, eta garrantzitsuena dena, leku guztietako haurrekin partekatu dezakezu. Hainbat plataformatan erabilgarri dago, baita sakelako telefonoetan ere.

Eskerrik asko Timothée Giet, Johnny Jazeix eta garapenean eta itzulpenean parte hartu duzuen guztiei.

Software hau atsegin baduzu, bere garapena sustatzeko doaintza egin dezakezu.

GCompris 1.0 argitaratu da

20 urte pasa dira GCompris ikusgarria sortu zenetik eta urteurrenean, garatzaileek 1.0 bertsioa argitaratu dute.

Bertsio berri honi buruzko xehetasunak (euskaraz) proiektuaren webgunean aurkituko dituzu.

GCompris kalitate handiko hezkuntza-software multzo bat da, 2 eta 10 urte bitarteko haurrentzako 100 baino jarduera gehiago dituena. Bota begirada bat pantaila-argazkiei software honek eskaintzen duen guztiari errepasoa emateko.

Software hau librea da (GPL-3.0+ lizentzia du) eta hainbat plataformatan erabilgarri dago, baita sakelako telefonoetan ere. Software librea izanik, zure beharretara egokitu dezakezu, hobetu, eta garrantzitsuena dena, leku guztietako haurrekin partekatu dezakezu.

Gustuko baduzu, dohaintza egin dezakezu bere garapena laguntzeko.

GCompris, KDEren proiektuen artean dago.

OHARRA: azken bertsio hau sistema eragile desberdinetako biltegietan argitaratzen ari da egunotan. Oraindik 1.0 bertsioa eskuragarri agertzen ez bazaizu, egun batzuk itxaron beharko ditu.

Txat berria: Software Libre Zalantzak!

Software librea aldarrikatzen dugu, baita hartan ekarpenak egitea ere, baina… bere erabilerari buruzko zalantzak eta arazoak argitzeko tokirik eman al dugu? Bada, orain bai!

Software Libre Zalantzak txata martxan jarri dugu software librea erabiltzean sortutako zalantza eta arazoei irtenbide bat erabiltzaile euskaldunon artean emateko asmoz, elkar lagunduz. Baita eztabaidatzeko eta ondo pasatzeko ere!

Txatean Matrix eta Telegram komunikazio tresnak erabiliz parte hartu daiteke eta dagoeneko hainbat pertsona sartu dira bertan eta hasiak dira gauzak galdetzen, elkar laguntzen eta abar. Zu falta zara!

Txat hau erdarazko beste batean oinarrituta dago. Gurera ekarrita, ikusirik hutsunea bazegoela esparru horretan euskal komunitatean eta erabiltzaile askok laguntza falta sumatzen dutela software librea erabiltzen hastean, une aproposa iruditu zitzaigun txata sortzeko. Beraz, parte hartzera animatzen zaituztegu. Giro atsegina dago!

Txat berean bi plataforma desberdinetik parte har dezakezu, Matrix plataforma libreko #SoftwareLibreZalantzak:librezale.eus gelatik eta Telegram plataforma pribatuko @SoftwareLibreZalantzak taldetik. Sartu bietako edozeinetik eta hasi elkarrizketa berean parte hartzen!