Sokrates

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea


Sokrates
Socrate du Louvre.jpg
Bizitza
JaiotzaAlopeke (en) Itzuli, c. K.a. 469 / 470
HerrialdeaAntzinako Atenas
BizilekuaAntzinako Atenas
Talde etnikoagreziarra
HeriotzaAtenas, K.a. 399 (71 urte) (69/70 urte)
Heriotza moduaderrigortutako suizidioa: hemlock poisoning (en) Itzuli
Familia
AitaSophroniscus
AmaPhaenarete
Ezkontidea(k)Xantipa
Myrto (en) Itzuli
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakantzinako greziera
Ikaslea(k)Platon
Xenofonte
Antistenes
Aristipo
Isokrates
Euclid of Megara (en) Itzuli
Fedon Eliskoa
Aeschines of Sphettus (en) Itzuli
Chaerephon (en) Itzuli
Simmias of Thebes (en) Itzuli
Cebes (en) Itzuli
Menexenus (en) Itzuli
Apollodorus (en) Itzuli
Altzibiades
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, irakaslea eta idazlea
InfluentziakAnaxagoras, Filosofo presokratikoak eta Sofistak
Eragin zuenMendebaldeko filosofia ia osoari; batez ere, Platon, Aristoteles, Aristipo, Antistenes
KidetzaBule

IMDB: nm1419271 Discogs: 5283433 Edit the value on Wikidata

Sokrates[1] (Atenas, Grezia, K.a. 470 - Atenas, Grezia, K.a. 399) Grezia Klasikoko filosofo bat izan zen. Mendebaldeko tradizio filosofikoaren ikonorik garrantzitsuenetarikoa da, Platonen irakaslea izan zen eta harengan eragin handia izan zuen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita eskultorea zuen eta ama emagina. Gaztetan hoplita gisa borrokatu zen Peloponesoko Gerran; gudetan erakutsi zuen adorea jaso zeun Altzibiadesek. Politikan aristokraziaren aldekoa zen. Bere iritziz, demokrazia guztiz manipulatuta zegoen sofisten aldetik. Beraz, Atenas eta Espartaren arteko gudan Espartaren alde egon zen eta horrelako ideiak defendatzeagatik Atenaseko epaileak heriotza zigorrera kondenatu zuen.

Greziako filosofiaren aitzindari nagusietako bat izan zen, baina ez zuen ezer idatzita utzi eta haren bizitza eta pentsamendua ikasleen bidez ezagutzen dira, Platonen bidez, batez ere, Platonen obrarik gehienak Sokratesen solasaldietan oinarrituak baitira. Hain zuzen, Sokrates agorako gizona izan zen, plaza gizona; Atenasko plazetan filosofia eztabaidak izaten zituen eta bere galdera eta solasaldi sotilen bidez zalantza eragiten zuen jendearengan.

Orakulu batek inor ez zela Sokrates bezain jakintsua iragarri zuen; hark, ordea, kontrakoa frogatu nahi izan zuen eta Ezer ez dakit, ezer ez dakidala baizik esaldi ospetsua erantzun zuen. Hala, berak ez zekizkien erantzunak jaso nahian hiriko jendeari galderak egin ohi zizkion kaleetan eta plazetan. Zer da justizia? Zer da zientzia? Zer da ausardia? Jendeak, ordea, ez zekien erantzuten, eta hala orakuluak iragarritakoa bete zen, inork ez bezala, Sokratesek bere ezjakintasunaren ezaguera behintzat bai baitzuen. Jarrera horrek, ordea, galdetua dena lotsarazi egiten du eta Sokratesi etsai asko sortu zitzaizkion horregatik; hala, jainko berriak sartzeagatik eta gazteria gaiztakeriaren bidetik eramateagatik hiltzera kondenatu zuten. Sokratesek ihes egin beharrean, astaperrexila hartu zuen bere jarraitzaileekin hilezkortasunaren gainean lasai hitz egiten zuen bitartean.

Sokratesen jakintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sokratesen ahalegina sofisten aurka zihoan, haien filosofia eta zientzia itxurazkoak eta hutsalak zirela frogatzera. Horregatik, sofisten erretorika eta hitz jarioaren aurka, berak zuzeneko solasaldia erabili zuen.

Aristotelesen iritzian, bi gauza zor dizkio filosofiak Sokratesi; bata arrazoitzeko modua da, eta bestea definizio unibertsala. Izan ere, Sokratesek galdera bat egiten zuenean, definizio bat eskatzen zuen eta definitzea gauza bati mugak jartzea da, hots, bere izatea ezagutzea; definizioak beraz izatea ezagutzera, izatearen jakintzara eramaten du. Horretan desberdintzen dira sofisten eta Sokratesen filosofia, horren muina, haiena ez bezala, gauzak egiaz zer diren esatea baita.

Sokratesen etika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sokratesek gizakia zuen kezka nagusia; kezka hori, ordea, sofistek ere bazuten; baina Sokratesek bestelako ikuspegi batetik hartzen zuen gizakia: gizakiaren baitatik. Zeure burua ezagutu, dio Sokratesek, atera argitara zeure barrua. Horrek errotik aldarazi nahi zuen garai hartako gizartea, indarra, sena eta adorea bilatu ordez, Greziako gizona gogoeta egitera eta bere buruari kritika egitera eraman baitzuen. Sokratesen etikaren muina areté edo bertutea da. Bertutea, Sokratesentzat, gizonaren funtsa da, bere izatearen helburua. Eta bertute hori zientzia da. Horregatik, gizon gaiztoa ezjakina delako da gaiztoa; ongiari jarraitzen ez bazaio hura ezagutzen ez duelako da. Horregatik, bertutea irakats daiteke. Horretara bihurtzen da Sokratesen filosofiaren muina, nor bere burua ezagutzera, alegia. Aldi berean, ordea, agindu moral bat ere bada, gizonak, bere buruaren jabe izan dadin, jakin egin behar baitu.

Sokrates Greziako filosofiaren aitzindari izan zen. Sokratesengandik izatearen arazoa sortu zen eta hortik Platonen eta Aristotelesen metafisika; halaber, Sokratesen moraletik eratorri ziren Antzinako Grezian eta Erroman izan ziren hainbat eskola etiko: zinikoak, zirenaikoak eta, gero, epikureoak eta estoikoak, batez ere. IV eta V. mendeetako Greziako filosofia guztiak Sokratesen pentsamenduan ditu erroak.

Filosofia-sistema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere filosofian bost oinarrizko puntuak bereiz daitezke:

  1. Filosofiaren helburua: Giza subjektibitatea aurkitzea ("Zeure burua ezagutu"). Horretarako, solasaldien metodo sokratikoa garatuko du, elenkoa baliatuz eta maieutikan oinarrituz.
  2. Antieszeptismoa: Posiblea da egia aurkitzea. Egia badago eta aurkitu daiteke, horretarako eman beharreko pausoak emanez.
  3. Antierlatibismoa: Iritzi guztiek ez dute berdin balio, badaude iritzi faltsuak eta badaude egiazkoak.
  4. Bertute morala definitu daiteke: Zer da ontasuna? Zer da zuzentasuna? Zer da zoriontasuna? Hiru galdera hauei erantzuteko definizio unibertsala bilatu beharra dago, hau da, denontzako baliagarriak izan zitekeen definizioa da, ezin da bakoitzaren araberakoa izan.
  5. Intelektualismo etikoa: Sokrates maisu etikoa da, bere helburua gizakiaren ekintza, jokaera edo portaera azaltzea baitzen. Bere ustez, ondo jokatu ahal izateko lehenik eta behin jakin behar da zer den ongia; eta zuzen jokatu ahal izateko lehenik eta behin jakin behar da zer den zuzentasuna, zuzentasuna jakin ezean inoiz ez baita zuzentasunez jokatuko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sokrates Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Sokrates