[#EztabaidaNazionala] Kuleroak gaseosa eginda jarriko dizkigun Euskal Errepublika batengatik

Kuleroak gaseosa eginda jarriko dizkigun Euskal Errepublika batengatik –

Ekarpen lotsagabe honi hasiera emateko ohartarazi nahi dut Euskal Errepublika bat lortzeko eman beharreko eztabaida ez dela nire indarguneetako bat: galdu egiten naiz estrategiak baloratzerakoan. Horrekin ez naiz ez nire burua ez estrategiak gutxiesten ari, ezta urrik ere. Baina gure independentzia irudikatzeak hain bero jartzen nauenez baietz esan nuen.

Kuleroak gaseosa eginda jarriko dizkigun Euskal Errepublika batengatik

Badakit ez naizela espainiarra, edo ez dudala izan nahi: paradoxikoa dirudi, baina ezinezkoa da bizitza paradoxa gabe azaltzea. Etxean gure aitak eta amak esan ziguten, beti sentitu nuen, birplanteatu nuen ere, eta nire egin.

Amaiurrera igotzen naizenean are ozenago eta garbiago heltzen zait oihartzuna: 500 urte eta ez gaituzte ez bentzitu, baina batik-bat ez gaituzte konbentzitu. Inoiz ez dugu independentzia erabat galdu inoiz ez diogulako beragatik borrokatzeari utzi.

Ni bezalako anarkista batentzat probokatzailea da Estatu baten eraikuntzan pentsatzea. Emma Goldman eta Buenaventura Durrutirena naiz, Kaxilda Hernaez eta Felix Likinianorena. Figura hauek denboran zeinen urrun geratu diren ikuste hutsak dena esaten du, ez genuela komunismo libertario osoa eskuratu… behatz puntekin ukitzera iritsi ginen arren! Anarkismo iberiarrak inbasio estralurtar batek baino beldur gehiago ematen zien guztiei, eta horregatik utzi zuten Franko hemen II. Mundu Gerra amaitzean, faxismoaren aurkako borroka Espainian hasi zen arren. Lau hamarkadetako diktadurara kondenatu gintuen nazioarteko traizio horrek ez ditu espainiarrak haserretzen; bere azken koloniek independentzia eskuratu nahi izateak bai ordea.

Espainiatik eta Frantziatik askatzen ginen egunean hemen estilo sobietarreko erregimen komunista bat ezartzeko plana zegoen garaietan, nik garbi neukan: behin gure independentzia desiratua majo ospatu eta gero (akelarre sanferminero baten gisan) lehena izango nintzen ospa egiten. Ni ez naiz sekula egon prest autoritarismo kontuetarako, oso komunistak izan arren, eta ez nuen ortzimuga politikoen bueltako inongo zurztasunik sentitu Berlingo harresia erori zenean.

Duela bi uda, Brooklyneko taberna batean, tabernari poloniar lirain bati (ze nolako edertasuna esportatzen duen Poloniak, mare meva) euskal herritarra nintzela esan nion. Eskuetatik heldu ninduen, parez-pare begiratu, eta esan: “izugarri desiratzen dut zuen herrialde independentea lortzea!”. Momentu bikaina izan zen. Nik kontatu nion La Polonesa Heroica jartzen dudala topera animoa altxatzeko. Chopinek Mallorcatik konposatu zuen bere herrialdearen independentzia desiratzen, tuberkuloso eta herriminez, bere maitalea zen George Sandek xaxatuta, dandyz mozorrotzen zen idazlea. Polonia, Alemania eta Errusiaren artean: asunto txarra. Euskal Herria, Frantzia eta Espainiaren artean: asunto txarra ere. Esan zuten jada eskoziar jonki maitagarriek Trainspotting-en: ingelesak izatea gu konkistatu gaituztenak… Estatu inperialista europarrek munduko jende eta ekosistema guztiak arpilatu bazituzten, zer ez zuten egingo haien artean geratzen ziren herri menderaezinekin! Gu irentsi. Edo saiatu, bederen. Jakinda noski, bi estatu matxo hauen artean zanpatuta egonda ere, zitalki gehien aberastu den munduko zonaldean bizi garela eta planetako pribilegio handienez gozatzen. Horrela da. Gehiegikeriez mintzo naiz, errekurtsoez, bizi baldintzez… 2020ko udaberriko salbuespeneko konfinamendua gogoratzea besterik ez dugu: gure gerra komuneko papera izan zen, egiazki inoiz faltan izan ez genuena. Lehen munduaren erabateko apokalipsia.

Noski, ez naiz esaten ari herritarren artean bidegabekeriak eta ezberdintasunak existitzen ez direnik, baina ezkertiarroi, feministoi barne, ez zaigu gure burua pribilegiatu gisa ikustea gustatzen hala izan arren.

Eta euskal independentistak izateak ez gaitu Mendebaldeko Europak ia mundu osoari arpilatu dizkion aberastasunez gozatzeaz libre uzten, duela bost mende eskas, bost mendez, eta segi.

Eta orduan, orain zer. Gauza bakarra okurritzen zait, eta uste dut ondo egiten dugun zerbait dela eta esperientzia dugula horretan, nire bizitza propiotik ikusi dudan zerbait. Basati eta kalekume hezi nintzen Kaputxienoetan, betirako nire izango den Errenteriako aldiri batean. Nire auzoko eskola publikoan ikasi nuen, eta laurogeiko hamarkadaren hasieran erabateko gehiengoa ziren etorkinen eta bertako aborigenen arteko tentsioak giroa izozten zuen. Gutxiengoa ginen gure lurrean, baina gerra har gutxi iraun zuen.

Euskal Herriko ezkerretik zerbait ondo egin dugu: andereinoari “háblanos en cristiano” oihukatzen zioten ume horiek, euskalduna zen ororen aurka gurasoek zeukaten gorrotoaz pozoindurik, gaur Realekoak dira, euskaraz hitz egiten dute askok Bilduri ematen diote botoa.

Eta hori da ez zutelako euskal herri baztertzaile baten nozioarekin topo egin, baizik eta aktiboa, kitzikagarria, abegikorra eta subertsiboa. Gure mugimendu sozialak eta gure intersekzionalitatea dira dauzkagun gauzarik onenak. Herri Batasunak 80ko hamarkadaren amaieran hautatu zuen ortzadarren koloreko ikurriña zoragarri hori…

Bidenabar, ez nuke berriz esango Espainiak ez duela erremediorik; Ada Colaurekin nago, justizia sozialean sinesten duen jende gisa ezin zaigu ahoan kabitu herrialde bat ezin dela hobetu.

Ikaragarrizko mugimendu feminista daukagu, beste herrialde mordo batetan eta munduan geroz etoki gehiagotan bezalaxe. Aktibista afrikarrak dira ablazioa desagerrarazten ari direnak, ez Munduko Osasun Erakundea eta ez feminista zuriak. Eta gure agitazio feminista zoragarri eta etengabekoa ez dator euskal matriarkatuaren asmakeria patriarkal horretatik, antropologikoki Teresa del Vallek goitik behera ezeztatu zuena 1985ean. Emakumeen borrokak patriarkatua existitzen den tokietan ematen dira, argi eta garbi, eta egunero “ez iezadazu fregatutako lurra zapaldu” builaka izatea boterearen antitesia da (ezta zure etxean ere). Baina hori iraungitako tontakeriei erantzuten aritzea da, zeren eta azkenengo urteetan feminismoa jendetsua bilakatu da gure begien aurrean, emakumeak eta generoaren beste paria batzuk jaiki egin gara gure zauri patriarkalak erakutsiz, munduaren zauri direnak.  Trans eta ez binarioen aukera azkenean katakonbetatik atera da eta jaiotzean ezarri zitzaien generoarekin bat egiten ez duten haurrak ez dira etxetik kanporatuak, babestuak baizik. Homofobiaren aurkako protesta egiteko institutuan gona jantzi duten mutil heteroak daude… Zirraragarria da, eta jakina, horrek matxoen erreakzio bat sortzen du, eta guri aurrea egitea tokatzen zaigu: “Eskuineko gizon zuri hetero baten azalean jartzen bazara, azken hamar urteak infernu bat izan dira”, dio Virginie Despentesek igarle baten moduan.

Jarrai dezagun iraultza hau eraikitzen: patriarkatuaren aurka, arrazismoaren kontra, ezberdintasunei aurre eginez, lan eta sexu esplotazioari buru eginez, mundua itotzen ari den desarrollismoa gudukatzen, kapazitismoari eta ankerkeria eta desesperazio forma guztiei egurra ematen. Bidean gozatzen, bizitza bera den bidean, eta baita ere gure independentzia desiratuaren bidean.

Bidegabekerien aurka eta gure etorkizuna erabakitzearen alde kaskagogorkeriarik faltako ez zaigula badakigu. Kaskagogorkeri hori izan dadila jendetsua, orgiastikoa, bastarta, ederra, sortzailea eta dibertigarria.

Kuleroak gaseosa eginda jarriko dizkigun Euskal Errepublika batengatik  Kuleroak gaseosa eginda jarriko dizkigun Euskal Errepublika batengatik

[EZTABAIDA NAZIONALA] Estrategia independentistak mintzagai

Idazle, kazetari eta militante feminista

2 pentsamendu “[#EztabaidaNazionala] Kuleroak gaseosa eginda jarriko dizkigun Euskal Errepublika batengatik”-ri buruz

  • Amonamantangorri Orain dela 36 minutu

    “Trans eta ez binarioen aukera azkenean katakonbetatik atera da eta jaiotzean ezarri zitzaien generoarekin bat egiten ez duten haurrak ez dira etxetik kanporatuak, babestuak baizik”.

    Babestuak? Mutikoak bereziki, pubertaroa ozta hasita daukatela, hedabideetan pasiatzen dituzte soineko jantzita, neskak direla esanez, zergatik eta “nesken gauzak gustatzen zaizkielako”.

    Badakizu zer den Hasiera Lasterreko Genero Disforia, Disforia de Género de Inicio Rápido gaztelaniaz, ingelesez ROGD, batez ere neskato nerabeei eragiten diena?

    Bihotzez sentitzen dut, baina bat ezin da izan “ezkerreko”, “progre”, “woke” edo iraultzaile tankera daukaten korronte guzti-guztien zale porrokatua, denen aldekoa, irizpiderik gabe.

    Feminista ala transgenerismoaren aldekoa? Denok ditugu gure kontraesanak eta sektarismoa ez da ona, baina kontraesan batzuk ezin bateragarriak dira.

  • Agure batek idazten du hemen.
    Itziar, Bat nator zure pentsamendu anarko.eta feministarekin,

    Baina nago Teresa del Valle algortarrak ZIRIA sartu zigula.

    Euskal GIZARTEaren MATRILINEALISMOA eta MATRIFOKALISMOA ez da izan patriakalisten fantasía bat (galdetu bestela LAGARDE andereari, Ipar parteko feminista jakintsuari)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude