Albisteak

GCompris 1.0 argitaratu da

20 urte pasa dira GCompris ikusgarria sortu zenetik eta urteurrenean, garatzaileek 1.0 bertsioa argitaratu dute.

Bertsio berri honi buruzko xehetasunak (euskaraz) proiektuaren webgunean aurkituko dituzu.

GCompris kalitate handiko hezkuntza-software multzo bat da, 2 eta 10 urte bitarteko haurrentzako 100 baino jarduera gehiago dituena. Bota begirada bat pantaila-argazkiei software honek eskaintzen duen guztiari errepasoa emateko.

Software hau librea da (GPL-3.0+ lizentzia du) eta hainbat plataformatan erabilgarri dago, baita sakelako telefonoetan ere. Software librea izanik, zure beharretara egokitu dezakezu, hobetu, eta garrantzitsuena dena, leku guztietako haurrekin partekatu dezakezu.

Gustuko baduzu, dohaintza egin dezakezu bere garapena laguntzeko.

GCompris, KDEren proiektuen artean dago.

OHARRA: azken bertsio hau sistema eragile desberdinetako biltegietan argitaratzen ari da egunotan. Oraindik 1.0 bertsioa eskuragarri agertzen ez bazaizu, egun batzuk itxaron beharko ditu.

Txat berria: Software Libre Zalantzak!

Software librea aldarrikatzen dugu, baita hartan ekarpenak egitea ere, baina… bere erabilerari buruzko zalantzak eta arazoak argitzeko tokirik eman al dugu? Bada, orain bai!

Software Libre Zalantzak txata martxan jarri dugu software librea erabiltzean sortutako zalantza eta arazoei irtenbide bat erabiltzaile euskaldunon artean emateko asmoz, elkar lagunduz. Baita eztabaidatzeko eta ondo pasatzeko ere!

Txatean Matrix eta Telegram komunikazio tresnak erabiliz parte hartu daiteke eta dagoeneko hainbat pertsona sartu dira bertan eta hasiak dira gauzak galdetzen, elkar laguntzen eta abar. Zu falta zara!

Txat hau erdarazko beste batean oinarrituta dago. Gurera ekarrita, ikusirik hutsunea bazegoela esparru horretan euskal komunitatean eta erabiltzaile askok laguntza falta sumatzen dutela software librea erabiltzen hastean, une aproposa iruditu zitzaigun txata sortzeko. Beraz, parte hartzera animatzen zaituztegu. Giro atsegina dago!

Txat berean bi plataforma desberdinetik parte har dezakezu, Matrix plataforma libreko #SoftwareLibreZalantzak:librezale.eus gelatik eta Telegram plataforma pribatuko @SoftwareLibreZalantzak taldetik. Sartu bietako edozeinetik eta hasi elkarrizketa berean parte hartzen!

LibreOffice 7.0 iritsi da

LibreOffice proiektuak bulegotikako suitearen bertsio nagusi berria argitaratu du. Gehienok jakingo duzuenez, ordenagailu askotan OpenOffice zaharra ordezkatzeko iritsi zen aplikazio sorta da LibreOffice, eta testuak idazteko, aurkezpenak prestatzeko, kalkulu-orriekin lan egiteko, marrazkiak egiteko eta datu-baseak kudeatzeko tresnak ditu.

Microsoften Office aplikazioak norberaren ordenagailuan egoteari utziko dion sasoi hauetan, jakin ezazue LibreOfficek gure premia guztiak bete ditzakeela inolako arazorik gabe.

LibreOffice sistema eragile nagusietan erabili daiteke (Windows, macOS, Linux eta ChromeOS), bai lokalean instalatuta bai hodeian, eta % 100ean euskaraz dago Librezaleri esker.

Irakurri osoa »