Rosa Parks

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rosa Parks
Rosa Parks being fingerprinted by Deputy Sheriff D.H. Lackey after being arrested on February 22, 1956, during the Montgomery bus boycott.jpg
Bizitza
Izen osoa Rosa Louise McCauley
Jaiotza Tuskegee1913ko otsailaren 4a
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Bizilekua Detroit
Talde etnikoa afro-amerikarra
Heriotza Detroit2005eko urriaren 24a (92 urte)
Hobiratze lekua Woodlawn Cemetery (en) Itzuli
Heriotza modua berezko heriotza
Hezkuntza
Heziketa Alabama State University (en) Itzuli
Hizkuntzak ingelesa
Jarduerak
Jarduerak autobiografialaria, giza eskubideen aldeko ekintzailea, eskubide zibilen aldeko ekintzailea eta public figure (en) Itzuli
Jasotako sariak
Kidetza Alpha Kappa Alpha
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa United Methodist Church (en) Itzuli
IMDb nm0663005
Rosa Parks Signature.svg

Rosa Louise Parks (jaiotza izena: Rosa Louise McCauley ; Tuskegee (Alabama), 1913ko otsailaren 4a - Detroit, 2005eko urriaren 24a) jostun afroamerikarra, Estatu Batuetako Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduko aktibista garrantzitsua izan zen, 1955eko abenduaren 1ean uko egin baitzion bere eserlekua gizonezko zuri bati utzi eta autobusaren atzealdean esertzeari, orduko AEBetako hegoaldeko legeak zioenaren aurka. Ekintza honen ondorioz preso hartu zuten eta askotan aipatzen da hau izan zela Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua piztu zuena.

Eskubide zibilak eta ekintza politikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parks Tuskegeen (Alabaman) jaio zen. Aita arotza zen eta ama irakaslea. Txikitatik izan zituen osasun arazoak (amigdalitis kronikoa). Gurasoak banatzean amarekin joan zen Montgomery (Alabama) ondoan bizitzera. Jostuna izan zen ia bizitza osoan.

1950eko hamarkadaren hasieran Parksek eskubide zibilen aldeko mugimenduarekin bat egin zuen eta erakundean idazkari lanak bete zituen Koloreko Jendearen Aurrerapenerako Elkarte Nazionalaren (National Association for the Advancement of Colored People, NAACP) barnean, Montgomeryn. Highlander Folk Schoolera ere joan zen, langileen eskubideen eta arraza-berdintasunaren aldeko zentrua. 1955eko abenduaren 1ean, Montgomeryn Parksek autobus gidariaren esanei aurre egin zien eta ez zion bere eserlekua pertsona zuri bati utzi. Ordena publikoa asaldatzeagatik kartzelara eraman zuten. Gartzelaratzeari erantzunez, Martin Luther King izeneko apaiz bautista artean ezezagunak Montgomeryko autobus publikoen aurkako boikota zuzendu zuen, agintariek autobusetako arraza-segregazioa alde batera utzi zuten arte. Honek segregazioaren aurkako protesta gehiago bultzatu zituen.

Bien bitartean, 1956an, Parksen kasua Estatu Batuetako Epaitegi Nagusira iritsi zen eta honek garraioetako segregazioa konstituzioaren aurkakoa zela erabaki zuen.

Parks eskubide zibilen mugimenduaren ikono bilakatu zen. 1960ko hamarkadaren hasieran Detroit-era (Michigan) joan zen bizitzera eta han John Conyers demokrataren ordezkari izan zen 1965etik 1988ra.

Mugimenduan izandako paperari buruzko eztabaida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historialari gutxik jartzen dute zalantzan Parksek eskubide zibilen aldeko mugimenduan izandako garrantzia eta eserlekua ez uzteko izandako adorea, baina zenbaitzuk elementu mitikoenen egiazkotasuna ukatzen dute.

Parksek 1955ean egindako delituaren kontaketa askotan "jostun nekatu" soil gisa agertzen da. Hala ere, Parksek bere My Life (Nire Bizitza) autobiografian aitortu zuen ez zegoela fisikoki nekatua, "hainbeste amore emateaz nekatua (nazkatua)" baizik.

Gainera, hainbatetan izkutatzen saiatu dira aurrez NAACParekin eta Highlander Folk Schoolarekin zuen lotura, pertsona normal bezala azalduz, aktibista politiko ordez.

Istorio askotan ez da azaltzen beltzentzat zehaztutako sekzioan zegoela eserita eta zurientzako sekzioa betea zegoenez, pertsona zuri batek bere eserlekua nahi zuela. Hau da, arazoa ez zen eseri zenean sortu, jaikitzeari uko egin zionean baizik.

Parks ez zen eserlekua uzteari uko egin zion lehen pertsona izan. NAACPak beste antzeko kasu batzuei laguntza eskeinia zien, hala nola, Irene Morgani, hamar urte lehenago. Kasu honetan estatu arteko komertzioan zegoen bereizketarekin amaitzea lortu zen, hala nola, autobus publikoetako estatu arteko bidaietan. Rosa Parksen kasua iraultzailea izan zen estatuko legeei eragiten zielako, ez estatu artekoei.

2002ko Barbershop filmeko eszena batean, protagonistek iraganean beraien eserlekuak uzteari uko egin zioten afroamerikarrei buruzko eztabaida bat dute. Honen ondorioz, Jesse Jackson eta Al Sharpton aktibistak buru zituen filmaren aurkako boikota egin zen.

OutKast-en aurkako demanda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1999an Parksen abokatuek OutKast musika taldea auzitara eraman zuten bere izena Rosa Parks abestian erabiltzeagatik. Auzia arbuiatua izan zen. Parksek 2001ean Johnny Cochran abokatua kontratatu zuen hel egiteko, baina berriz arbuiatu zuten 1. enmiendak babesten zituela argudiatuz. 2003an Auzitegi Gorenak onartu zuen auzia. 2004an epaileak abokatu inpartzial bat aukeratu zuen, aurrekoak interes ekonomikoa besterik ez omen zuten eta. Auzia oraindik abian da. 2005ean zehar demandan argitaratutakoaren arabera, Parksek dementzia izan zuen bere azken urteetan

Sari eta ohoreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rosa Parks, Bill Clinton presidentearekin.
Rosa Parksen omenezko Kongresuaren Urrezko Dominean "Gaur egungo Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduaren ama" irakur daiteke

1979an NAACPak bere saririk garrantzitsuena, Spingarn domina eman zion. Hurrengo urtean Martin Luther King Sr. jaunak jaso zuen sari hau.

Rosa Parks Michigan Women's Hall of Fame-an sartu zuten 1983an, eskubide zibilen alorrean lortutako aurrerapausoengatik.

Bizitza osoan arrazakeriaren aurkako borrokan aritu ondoren, Congressional Gold Medal (Kongresuaren Urrezko Domina) jaso zuen 1999an.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rosa Parks 2005eko urriaren 24an hil zen, 92 urte zituela, azken urteak igaro zituen etxean. 2004an jarraikako dementzia diagnostikatu zioten.

2005eko urriaren 30ean bere gorpua Kapitolioko biribilgunean omendu zuten. Ohore hau jaso zuen lehen emakumea eta bigarren afroamerikarra izan zen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rosa Parks Aldatu lotura Wikidatan